Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Arreta-ostea

2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gerrate kognitiboa, infoxikazioa eta egia-ostea ezagutzeko parada izan dugu azken garaiotan, bai hitz bezala eta baita gure gorputzetan bizi izan ditugun errealitate material bezala ere.

Planetaren aldaketa klimatikoa, mundu mailako pandemia eta Europako gerra berri bat bizi izan genituen oso denbora gutxian. Ikusi ditugu fokuak piztu eta itzaltzen, bozgorailuak bozak goratu eta beheratzen eta algoritmo bidezko «oihartzun ganberak» adostasun eta desadostasun artifizialak sortzen, bertan plisti-plasta jolas gintezen.

Ezer ez da berez guztiz berria eguzkipean; errepikapena, gezurra, propaganda eta konspirazionismoa ez genituen bart iluntzean asmatu. Baina sumatzen dut filma azeleratzen ari den sentsazio bat airean. Urrutiko agintean bi gezitxoei sakatu, ahotsak isildu eta irudiak abiadura bikoitza, laukoitza, zortzikoitza... hartzen duenean bezala. Years & Years telesail distiratsuan bezala, telebista piztu eta aspertzen gineneko garaien falta nabaritzen hasi gara.

Kuriosoena, hala ere, ez da garaien arrarotze edo azeleratzea, nostalgien hiper-loraldia edo giza existentzia mediatizatzen duten bitartekoen jabegoa, baizik eta ustez inoiz baino konektatuago omen gauden garaiotan kosta egiten ari zaigula kolektiboki arreta mantentzea.

Biziraupenerako mekanismoa izan liteke akaso. Zarata eta zaborrari aurre egiteko estrategia. Edo bilatutako efektua izan daiteke. Bitartekoen jabeen azken helburua. Baina begiratu ingurura. Entzun. Diagonalean irakurtzearen irakurtzez, filma 2x, 4x edo 32x abiadura hauetan ikustearen ikustez, ez al gara arreta erabat galtzen ari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.