Iban Zaldua.
MELE

Desindustrializazioaren ostean

2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Furgonak berehala iritsi dira, manifestariek alde zaharreko sarreretako batean babesa hartu bitartean. Pankartek zabalduta diraute: Gamesa, Tubacex, Aernnova, kaleratzerik ez!, Desindustrializazioaren kontra!. Ertzaintzaren istiluen aurkako unitateak parean zabaldu dira. Halako batean, harri bat erori da beltzen artera. Talde-buruak lasaitasuna eskatu die kideei, baina manifestariek beste bizpahiru harri bota, eta kargatzeko agindu du.

Une horretan, ordea, ertzainetako batek aurrera egin eta, besoak zabalduz, polizien eta manifestarien artean paratu da. «Geldi dezagun fartsa hau! Zenbat astetako soldata zor dizue tourren antolatzaileak? Ni kokoteraino nago». Manifestarien artetik beste zenbait atera dira, beren epokazko buzoekin, eta zerura seinalatu dute, zaintza-dronetarantz: «Bai, etsaia hor dago!». Eta harri batzuk jaurti dizkiete dronei, ertzainek jaurtigailuekin pilota batzuk botatzen dizkieten bitartean. Haien arteko beste batzuk, ertzainak eta manifestariak, nahastuta, paskinak banatzen hasi dira, bizkor, ikuskizun historikorako bildutako turisten artean. Dronek, edonola, alde egin dute, lurreko unitateei deitu ostean. Polizia-robotak laster agertu dira, guztiak, antzezleak nahiz turistak, sakabanaraziz.

Gauean, aldirietarako tranbian, «ertzainetako» batek jazotakoa kontatzen dio zaldunaz mozorrotutako lankide bati, Erdi Aroan girotutako espektakulua auzoko beste puntan zeukanez, ezertaz jabetu ez dena. «Eskerrak pisu turistikoetako batean atea zabaldu diguten, babesteko. Korearrak ziren. Oso majoak».

Tranbia hamaikagarren lantegi abandonatuaren ondotik igaro da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.