Iban Zaldua.
MELE

Intsumisioaren nostalgia

2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Nik ulertzen dut intsumisioaren itzulerarena: nostalgiaren industriak funtzionatzen duen arau berari erantzuten dio. Duela gutxira arte 80ko hamarkada izan zen, eta maila orotan ikusten zen hori: telesailetan, musikan… Are umeentzako filmetako keinutxoetan, seme-alabekin zinema aretora zihoan gurasoak, logika demografikoari jarraiki, gaztetan bizi izan zuelako garai hura. Eta umeekin batera marrazki bizidunak ikustearen asperdura mortala gainditzeko ondo dagoelako, noizean behin, nostalgiaren gailuek eragindako endorfina-deskarga arin bat.

Orain, ordea, 90eko hamarkadaren txanda da: target berria helduaro betera iritsitako publikoa litzateke. Eta intsumisioa, 80ko hamarkadaren amaieran hasi arren, kontu noventero bat da, batez ere.

Desobedientzia zibila erabiliz, intsumisioaren aldeko kanpainak garaipen ikusgarri bat lortu zuen, noski, halakotzat hartzen badugu Aznarrek 2001ean dekretatutako soldaduskaren suspentsioa. Baina hori al zen mugimendu antimilitaristaren zio nagusia? Ez nago guztiz ziur: soldaduskaren aurkako borrokak jendea aktibatzeko abiapuntu izan nahi zuen, baina helburua armadarik gabeko gizarte bat zen. Eta ez dirudi lortu denik: Espainia eta mundua sekula baino militarizatuago daude. Baita Euskal Herria ere: zaintzen gaituzten polizia guztiei eta gure arma-industriari begiratu bat ematea nahikoa da.

Ba al dago, ordea, nostalgiarako euskarri sendoagorik, hamarkada hartan, egungo adin bateko euskal progreontzat? Leitzarango autobiaren aurkako mobilizazioa? Lizarra-Garaziko hitzarmena? Kale borroka delakoa? «Minaren sozializazioaren» bidean amildutako ETA?

Nekez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.