Goiatz Labandibar.
MELE

Efemerideak

2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Gaur abuztuaren 15a da. Gaurko egunez jaio zen Napoleon Bonaparte eta hil Stieg Larsson idazlea. Orreagako guduan Karlomagnoren gudarostea garaitu zuten baskoiek (eta kanta ederrak utzi dizkigu Benito Lertxundik). Gaur bezalako egun batez zer gertatu zen bilatzen hasten bazara, zerrenda historiko amaigabe batekin topo egingo duzu.

Baina zein da norberaren efemerideen historia?

Ondoan eseri zaidan neska horrek ez daki jaio nintzen egunean eguzki betea zela eta amari hondartzako plana hondatu niola. Aspaldi, halako kotxe gorri batean maitatu zuenean, lehenengo pausoa emango zuen ni izan nintzen ume hark.

Kotxekoak kalea gurutzatzen ikusi zuenean, bihotzak salto egin zion eta, momentu hartan, beste bihotz batek jauzi egiteari utzi zion, kaput. 41 urte, alargun bat eta hiru seme-alaba.

Nahi gabe ukitzen diogu elkarri efemeridea, eta Manu Chaok Zurriolako hondartzan kontzertua eman zuenean hantxe geunden zu eta ni, nahiz ez genekien, nahiz ez genuen elkar ezagutzen. Agian, gurutzatu ere egin ginen, elkarri segundo erdi batez begiratu ere egin gabe.

Gerra hasi zen eguna oroitzen du orduan sei urte baino ez zituen haur batek: anaia enkargutara joan eta karga-karga eginda nola itzuli zen baserrira, gerra hasi zela esaka, auzoko dendakoak produktuak opari ematen ari zirela, ez ziezazkioten konfiskatu. Efemerideak zauriak ere badira.

Tabernan eta autobusetan egoten garenez, jasotzen ditugu noizbait egunkarian agertu gineneko argazki eta errekorteak.

Azken finean, efemeridez osatutako puzzleak… ez gara beste deus.

(Bide batez, eman play Anari eta Gora Japonen Efemerideak-i youtuben. Soinu banda ederra izan liteke igande baterako).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.