Goiatz Labandibar.
MELE

Ulertzea

2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Bada esaldi bat ezeroso sentiarazten nauena: «Nik ez dut artea ulertzen». Hori dioena ez al da bera gutxiesten ari, nolabait?

Zer da, bada, artea ulertzea?

Ez dakit ulermen hori definitzen, baina badakit artea ulertzea dela Picassoren Guernica lehenengoz ikustean hitzik gabe geratzea; La Veronal Voronia dantzatzen ikustean gozamenaren gozamenez malko batek irrist egitea; La novia filmarekin liluratzea; Gaizka Sarasolaren hitzengatik eta Mairukoen eszena betetzeko manerengatik, Txoriak eta zauriak-ek barnea zauritzea; Audience Amerikanuak dokumentalari zuzeneko musika jartzen aditu ondoren protagonisten nahigabea zuk zeuk sentitzea; María Gainzaren El nervio óptico irakurtzen bukatzean txalo jotzea; ... (Horren inguruan ere ematen du luze hitz egin genezakela: baduzue liburuei txalo egiteko ohiturarik? Kontzertuetan, antzerki eta dantza emanaldietan, eta Zinemaldiko filmen ondoren ohikoa izaten da txaloka aritzea; baina marabillatu zaituen liburu baten azken orria bukatzean? Hasten al zarete txaloka? Ni bai).

Edertasuna subjektiboa dela dudarik ez dut. Zerk hunkitzen duen bat eta zerk bestea, zeharo diferentea izan liteke, hargatik ez bata eta ez bestea bestea baino hobea edo okerragoa izan gabe. Are, artearen helburuak edertasuna izan behar ote duen edo ez eztabaida zaharra bada ere —edo, eztabaidan gehiago sakonduz, arteak helbururik izan behar duen edo ez eztabaida zaharra izanagatik—, oraindik erantzuna bilatzen tematuta gabiltza batzuetan.

Baina hitzik gabe geratu, hunkitu, zauritu, liluratu, marabillatu bazara, gozatu, txalo egin baduzu, lasai: den-dena ulertu duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.