Goiatz Labandibar.
MELE

Subenir

2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Gure amona behin joan zen oporretan. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdea zen, eta Bartzelonara joan ziren astebeterako, han bizi zen anaiaren etxera. Orduan ikusi zituen lehenengo aldiz eskailera mekanikoak (bizilagunaren haurrek eskailera magikoak deitzen dioten horiek) eta Corte Inglés eta bidean, Zaragozako Pilarika. Hala ere, bidaia hartaz hitz egiten duenean, hitz bakar batekin definitzen du oporraldia: Egarria. «Ura edan eta egarri eta egarria. Ur gehiago edan eta egarri gehiago». Besterik ez. Horixe gure amonak Bartzelonatik ekarri zuen subenirra.

Bueltatu zenean, erabaki zuen etxean bezain ongi ez zela inon egoten. Eta ordutik, ez da gehiago oporretan joan. Urrutienik, Arantzazura, Dantxarinera edo Zalduondora egun-pasa.

Subenir dendez josita egoten dira leku turistikoak (gure Euskal Herri honetakoak ere bai, noski), baina hozkailuan itsasteko iman batek, leku-izena brodatutako eskutrapu batek edo aitona-amonak zutaz oroitu direla dioten kamisetek baino arrasto handiagoa uzten dute bestelako oroitzapen batzuek.

Errutinatik eta etxeko parajeetatik pixka bat urrutiratzen garen leku horietaz akordatzean, gauza materialez baino, bestelako sentsazio batzuk izan ohi direlako betirako gordetzen ditugun subenirrak: bikote batekin partekatutako azken oporraldia. Marmoken erredurak utzitako marka. Inoiz ikusitako gaurik ilunen eta izartsuena eta ederrena. Musika-zerrendak. Edonon Mikel Oldfielden Moon like shadow entzutean Interrailaz akordatzea...

Horiek dira beti oroituko ditugunak. Norberarenak bakarrik diren subenirrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.