Iban Zaldua.
MELE

Fiskalitatea

2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ikusiko duzue: gure foru ogasunen sarreren jaitsieraren inguruko berriak gero eta ohikoagoak izango dira hemendik aurrera. Seinale ezin nahasizkoa da: zergen inguruko albiste apokaliptikoen funtzioetako bat jendea murrizketetarako prestatzea da.

Ikasleak asko kexatzen zaizkit historia ekonomikoko eskoletan ogasun kontuei ematen diedan garrantziagatik. Oso aspergarriak iruditzen zaizkie, eta, izan ere, badakit zutabe honen izenburuaren beraren aurreneko efektua irakurleak uxatzea izango dela.

Baina oker daude: fiskalitatea borroka politiko-sozialaren erdigune nagusietako bat da.

Covid-19ak ekarritako atzeraldiak, dudarik gabe, eragin itzela izan(go) du zergen jaitsieran. Baina ez da egia osoa: gure agintariek ez dute asko zabalduko, adibidez, erorketaren gehiengoa zeharkako zergen hondoratzeari dagokiola, eta, ondorioz, sistema progresiboagoa izango balitz, eta ondarearen, enpresen mozkinen eta soldata altuenen gaineko zergetan oinarrituago egongo balitz, ez litzatekeela horren larria izango.

Eta Kontzertu Ekonomikoa, gure autogobernuaren harribitxi hori, apenas erabili dela, ahalmena hor egonda ere, progresibitatean aurrera egiteko. Kontrakoa: historikoki, gehienetan, gure eliteen interesak babesteko baliatu dute.

Beste kontu bat da gobernu autonomiko batzuek, Madrilekoak bezala, ikasi dutela, azken urteotan, beren eskumen fiskalak erabiltzen politika are atzerakoiagoak egiteko. Eta globalizazioa hor dagoela, eta paradisu fiskalak, eta kapital ihesen arriskua. Eta horrek guztiak mugatu duela Kontzertuaren eta Nafarroako Hitzarmenaren ahalmena.

Agian ez direla horren harribitxi, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.