Goiatz Labandibar.
MELE

Oroitzeko

2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Urruti daude martxoaren 8a eta azaroaren 25a. Pasatu zen sanferminetako talde bortxaketaren epaiketa. Baina, ia ustekabean, emakumeen eskubideak agendaren erdian ditugu, Afganistango emakumeek galduko dituzten eskubideak direla eta. Eta nik, Polonian abortua debekatu behar dutenean, epaileek bortxatzaileak absolbitzen dituztenean...gisakoetan gertatzen zaidan bezala, burutan izan dut duela urte batzuk Lola Valverde historialari eta irakasleak elkarrizketa batean esandakoa: zenbat kostatzen den eskubideak lortzea, eta, aldiz, zein erraza den horiek galtzea. Eta beti dagoela galtzeko aukera. Eskubideak ez direla betirako irabazten. Ezta hemen ere. Baina urrutikoa beti askoz errazago epaitzen dugu (ez dakit gailentasun morala ote den edo, besterik gabe, superbibentziarako joera, daukagunean gehiegi azterkatu gabe aurrera egiten jarraitzeko, hautsak gehiegi harrotu gabe eta pentsatuz «hobe horrela, beti izan liteke okerragoa eta»).

Eskubideez hizketan ahoa betetzen zaigu, euria zerutik bezala etorri izan balira bezala. Mundua mundu denetik hortxe egon balira legez. Ahaztuta Emily Davison, Clara Campoamor, Rosa Luxemburg, Pasionaria, Elbira Zipitria, Basauriko hamaikak, eta zerrenda luze bat. Eta ez genuke ahaztu behar, tarteka, haietaz akordatu eta eskerrak ematea.

Baina gaur egun baditugun eskubide apurrak edozein momentutan desagertu daitezke. Afganistan izan gabe ere (eta bai, estrapolatu hau langileen eskubideei, euskal hiztunenei, LGBT kolektiboarenei, eta abarri).

A! Eta bukatu aurretik, Valverdek esandako beste honetaz ere akordatu naiz: Historian ez dela oraindik emakume izateko garai, toki eta kultura onik izan. Besterik gabe, tarteka oroitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.