Iban Zaldua.
MELE

Estatuak bota

2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aurreko paperei begiratu die Ekik, hitza hartu aitzin. «Eta? Zein eraitsiko dugu?». «Legazpirena?», galdetu du Anek. «Uf, hori alferkeria, Zumarragaraino joan beharra. Gainera, kristoren trastea da», dio Jonek. «Okendorena orduan? Hementxe bertan dugu», erantzun dio Anek. «Ba hori ere ez da txikia preseski», egin dio objekzioa Ekik. «Baina oso leku ikusgarrian dago. Eta ibai ondoan, bertan jaurtitzeko», tematu da Ane. «Baina Urumea da, neska; ez dago estatua estaltzeko urik hor», Jonek. «Gainera —segitu du, fitxak errepasatuz—, Okendo marinel bat besterik ez zen. Inperioaren aldekoa, ados, baina ez zen konkistatzailea izan, berez». «Brasil defendatu zuen, eta hura zen monarkia hispano-portugaldarreko esklabo ustiapenaren erdigunea», Aneren erantzuna.

«Badakit —esan du Ekik, garaile—, Miramar jauregiko lorategiko Katalina Erausoren bustoa! Egingarriagoa da, eta sinbolikoki...». Ane, asaldatuta: «Kasualitatea! Emakume batena izan behar...». Bea, bileretara berandu heldu ohi dena, orduan sartu da, jendea agurtuz; eztabaidak segitu du, ordea. «Ja, konta egiezu hori moja alferezak masakratu zituen maputxe guztiei». «Beti berdin, jode. Queer ikono historiko bat eduki, eta horixe eraitsi behar».

Beak susto aurpegia du ordurako: «Baina... benetan ari zarete estatuak botatzeaz?». Besteen barreak. «Ez zenekien gaur Ezagutu etsaia: Erradikalen ika-mikak rol jokoa tokatzen zitzaigula?». «Ez jarri horrela, neska: zergatik uste duzu irabazten ditugula beti hauteskundeak? Alderdiak egoerak aurreikusteko sekulako ahalmena duelako».Beak ez du ezer esan, baina, afiliatu zenean, EGI zerbait serioagoa izango zela espero zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.