KRITIKA. Dantza

Denboraren enigmak

<em>Presente</em> dantza ikuskizunaren une bat.
Presente dantza ikuskizunaren une bat. ANTONIO RUZ KONPAINIA

Agus Perez -

2019ko urriak 8

'Presente'

Ideia, zuzendaritza eta koreografia: Antonio Ruz. Interpretazioa eta kolaborazioa koreografietan: Victoria Perez Miranda, Melania Olcina, Maureen Lopez, Indalecio Seura, Alejandro Moya. Musika: Bruno Dozza. Argiak: Olga Garcia. Jantziak: Kimoh (Anne-Cecile Espinach). Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Urriak 5.

Eremu eszeniko ia hutsean agertu dira ia biluzik Antonio Ruz konpainiako bost dantzariak —hiru emakume eta bi gizon—, eta animaltasun horretatik abiatuta hasi dira mugimendu erritmikoak egiten, besoen energia eta indarrari garrantzi handia emanez eta agertokitik izaki primitiboen antzera ibilita. Albo batean Ruz bera zegoen, ordenagailu batetik soinu-bandako musika segmentuak jaurtitzen —ez zuzenean editatzen, Bruno Dozzaren konposizio elektroakustiko abstraktuak eginak zetozelako—, baina bai eszenan gertatzen zenari moldatzen, emanaldian zehar zenbait gauza era batean edo bestean gerta zitekeelako, nahita txertaturiko ziurgabetasun-elementuen arabera.

Inork ez dezala pentsa, ordea, ausaz egindako produktu baten aurrean egon garela. Hemen dena egon da milimetrora planifikatuta denboraren enigmak aztertu nahian eta, esperimentu zientifikoetan bezala, ziurgabetasun elementuek funtsezko rola jokatu dute, taula gaineko gizaki haiek trantze batean baleude bezala dantzatzen zuten bitartean. Denborak, aldiz, temati jarraitu du eta ez ditu bere enigmak askatu. Horretan datza, seguruenik, gizakiak unibertso honetan duen gatazkarik behinena.

Fisikotasun handiko lehen ariketa hartan bost dantzarietariko bat bazter batean geratu da, jatorrizko asimetriaren ikur eta ulertu gabe beti geratuko zaigun azken apur hori irudikatuz. Hortik aurrera janzten joan dira gorputzak, gerritik behera lehen eta osorik beranduago, nahiz eta amaiera aldera jatorrizko biluztasuna arropa sofistikatuarekin konbinatu den. Bitartean, beltz, gris eta zuri gamako jakak, soinekoak eta prakak jantzi dituzte bostek, jaketako barruko urdinak kontraste kromatikoa zekarrela. Argiak, berriz, erabateko zuritasuna erakutsi du denbora osoan, intentsitate diferenteekin eta gune esanguratsu batzuk noizean behin markatuz.

Eremu eszenikoaren inguruan zeuden elementuak —soka gorri luzea, aluminiozko haga pilatuak, plastikozko aulki txikiak...— progresiboki eta ganora handiz erabili dira emanaldian zehar, baina dantzariek izan dute une oro lehentasuna: muturreko inklinazio estatikoak bilatu dituzte, oreka behin eta berriro galdu arte; haien gorputzekin iraupen laburreko talde eskultorikoak eratu dira gure begiek istant batez dasta zitzaten; zonbien antzera ibili dira agertokitik, gorputz-jarreren dislokazioan jolasten, non sense delakoan murgilduta, eta soka gorriak lurralde ezegonkorren nagusitasuna aldarrikatu du zuriz jantzitako emakumea haien artean mugitzen zen bitartean.

Amaiera aldera, nolabaiteko apoteosira heldu da elementu eszenikoen erabilera: dantzari baten inguruan espiral formako dorre bat eraiki dute barra metalikoekin, emakume batek bere gorputza bildu du soka gorriarekin, gero soka berarekin igo dira gorantz plastikozko aulki beltzak, eta argiak urdin kolorea hartu du. Ni, bitartean, dadaismoarekin eta sinbolismoarekin gogoratzen nintzen aldiro-aldiro, eta baita ere Cunningham-Cage bikote artistikoarekin, eta dantzatik bainoago goi mailako arte plastikoetatik zetozkidan ikusten nuena interpretatzeko heldulekuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna