Bertsolari Txapelketa Nagusia

«Ezer ez da neutroa»

Genero ikuspegia aztertzen eta garatzen ari dira zenbait bertsolari euren kabuz, Bertsozale Elkartearen barruanProportzioan, plazan dabiltzan baino emakume gehiago aritu dira txapelketan

Erika  Lagoma eta Oihane Perea, Altsasun jokatutako kanporaketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Ezer ez da neutroa; dena da eraikia». Horretaz ohartarazi du Ainhoa Agirreazaldegik. Hori horrela izanik, «burura denoi datorkigun erreferentea aldaraz dezakegu lanketa baten bitartez». Baita bertsolaritzan ere: «Bertsolaritza mundu zuri, klase ekonomiko ertain, heterosexual eta gizonezkoen arteko garapen bat izan da, eta horri buelta emateko, etxeko lanketa bat egin beharko genuke: bai gaiei dagokienez, bai bertsolari modura…». Genero ikuspegia aztertu eta landu du bertsolaritzaren barruan Agirreazaldegik, Uxue Alberdi bidelagun duela.

Azkenaldian, Alberdi eta Agirreazaldegi dira generoaren gainean gehien aztertu eta garatu dutenetakoak, baina Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen barruan ere badago generoa lantzen duen talde bat. Azken urteetan generoa lantzeko beharra «nabarmen» ikusi dela dio Ixiar Eizagirrek, zeina Bertsozale Elkarteko generoari buruzko taldean diharduen. Lehenago ere jardun zirela argitu du, eta zehaztu du Kristina Mardaras bertsolaria eta «haren inguruko emakumeak» kontzientzia horrekin ibili zirela. Azken urteetakoetara itzuli da ondoren: «Duela hamar urte elkartu ziren, Askizun, eta han horrelako esnatze bat edo kontzientzia hartze bat izan zen: emakume modura bertsolaritza nola bizi izan zuten edo zer zen emakume izatea. Hurrengo urtetan geroz eta irakurketa gehiago egon ziren».

«Etiketa umoretsuen» bidez azaldu izan dituzte Agirreazaldegik eta Alberdik bertsolari emakumezkoen belaunaldiak: lehenengo drag queen-ak izan zirela esan izan dute, eta «panpinak», gero. Drag queen-ena azaldu du lehenbizi Agirreazaldegik: «Adierazi nahi duena da emakumeek, 80ko hamarraldian bertsolaritzan sartu zirenean, euren baliorik femeninoenak oholtza azpian utzi behar izan zituztela edo utzi zituztela inkontzienteki. Gizonen terminoetan lehiatu ziren gizonekin. Neska gazte horiei onartzen zitzaien gutxi gorabehera gizonen balioak bazituztela». Panpinen belaunaldia etorri zen gero: «Etorri zen belaunaldi berri bat fisikoki femeninoagotzat jotzen ditugun balioekiko hurbilago sentitzen dituztenak. Egon izan dira entzuleak esan izan dutenak gaur egungo neska bertsolariek neskak diruditela, aurrekoak ez balira bezala». Azkeneko horiengan emakumeak gehiago ikusten ditu ikus-entzuleak, Agirreazaldegiren iritziz, baina horrek bertsolari bezala ikustea eragozten duela zalantza du, ordea. «Batzuetan ez dakit zenbateraino ez ote den zalantza egiten benetako bertsolariak ote diren horiek».

«Betaurreko antisexistak»

«Betaurreko antisexisten» premia aipatu izan dute. «Lehenengo eta behin, betaurreko horien premia genuela jabetzeko. Askotan, ikusteko intentzioak berak gauza asko ikusarazten digu», azaldu du premiaren abiapuntua Agirreazaldegik. Bertsolaritzari berari begira jarri da horren ostean. «Batez ere, orain dela gutxira arte bertsolaritzan mundu erdia baino gutxiago egon da islatuta. Azkenean, gizonek egindako jarduera bat denean, bertsolari, gai- jartzaile zein antolatzaile modura, urte askoko historia dago hor. Hori kontuan hartuta, eurenetik abiatzen dira, eta konturatu behar dugu gizarte erdia ez dela islatuta egon horretan. Emakumeen existentzia bertsolaritzan ez da egon», azaldu du.

«Garatu beharra dagoela ikusteko» balio dute betaurrekook. Bertsozale Elkartearen barruan ikusi zuten hori, eta horretarako bidea hasi zuten. «Ikusi genuen funtsezkoa zela genero talde bat egotea. Ekintzetan parekidetasuna sustatzeko, emakumeen eta gizonen parte hartzea areagotzeko eta emakumeen parte hartzea geroz eta irekiagoa izateko eta espazio berriak irekitzeko», azaldu du Eizagirrek. Garapenak eta belaunaldi berriek «askatasunerantz» bidea egin beharko luketela irizten dio, hain zuzen ere, Agirreazaldegik. «Gizon eta emakume etiketak kendu, pertsonen ahotik kantatzera iristeko. Binomio hori puskatzen ari gara, baina pertsonen ñabardurak dira onartu behar ditugunak», erantsi du.

Hasieran, %30

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa jokatuko da gaur, Maulen, eta bertan emakume bakarrak kantatuko du: Jone Uriak. %30 ziren emakumeak txapelketaren hasieran. Plazaz plazakoan, aldiz, portzentajea baxuagoa dela pentsatzen du Agirreazaldegik. «Pentsatzen dut %10etik oso urruti ez dela ibiliko», egin du kalkulua Elgetako bertsolariak. «Horrek ez du esan nahi emakumeek gehiago kantatzen dutela emakume direlako; alderantziz, gutxiago kantatzen dutela emakume direlako. Adierazi nahi du gizonei gizon direlako deitzen zaiela», azaldu du.

Hori gainditzen hasteko, elkarteko genero taldean abian dauden proiektu eta sail guztietan genero ikuspegia txertatzen ahalegintzan dira. «Ahalik eta jende gehienak ahalik eta esparru gehienetan kontzientzia hartzea da gakoa», Agirreazaldegiren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.