Tokio 2020. ATLETISMOA

TALENTUARI «ZENTZUA»

François Beoringyan da Asier Martinezen entrenatzailea. Hark egindako lanaz «harro» dagoela dio. Haren izaera nabarmendu du, eta azken urtean egin duen lana iritsi den lekura iristeko.

Asier Martinez, ahalegin betean, herenegun, 100 metro hesidunetako finalean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Asierren [Martinez] inguruan hitz egin zidatenean, luzerako jauzilari on batez hitz egin zidaten, Nafarroan dena irabazten zuena. Hesietan ere aritzen zen, baina beste pare bat zuen aurretik bere adinean. Ni luzerako jauzian ibilitakoa naiz, eta hura ikusi nuenean garbi izan nuen: hesietako jauzilari bat zen, luzerako jauzikoa baino gehiago». Asier Martinezen entrenatzailearen hitzak dira: François Beoringyanenak. Hark, ordea, argi zuen ez zela baten edo bestearen alde egiteko unea: «Oso gaztea zen. Baina nik garbi nuen hesien alde egingo zuela. Ama ere hesietan aritua zuen [Elena Etxarte atleta ohia], eta, gainera, entrenamenduetan ikusten zitzaion gehiago gustatzen zitzaiola».

Eta nerabezaroa igaro berri zuen gazte hura Olinpiar Jokoetako finalera iritsi da 110 metroetako hesidunetan. Lehiatu den egun bakoitzean mugarri bat ezarri du: lehena, sailkatze proba irabaztea;bigarrena, finalerako sailkatzea, bere markarik onena lau ehunen hobetuz; eta hirugarrena, finalean onenekin lehiatzea, seigarren izatea eta berriz bere hobetzea: «Oso harro nago lortu duenaz eta egin duen bideaz. Hiru lasterketen aurretik gomendio bera eman nion: bere onena ematea eta gozatzea».

Beoringyanek hasieratik ikusi zuen talentua zuela: «Baina zaildu egin behar zen, pistan zein kanpoan». Batez ere, azken horretan: «Lasaia dirudien arren, ez da horrela. Edozein gazte bezala, oso grinatsua zen. Eta horrek ez zion mesede egiten». Hazi egin da: «Gauzak patxadaz hartzenikasi du, ez tematzen, eta une erabakigarrietan ez huts egiten». Patxada horretatik etorri zen duela bi urte hartu zuen erabakia: «Ikasketak utzi gabe, arreta osoa atletismoan jarri nahi zuela esan zidan, nahiz eta horrek gauza asko bazterrean uztea eskatu».

Zorrotz bete zuen esandakoa. Bilbon ikasten zuenez, bakarrik entrenatzenzen. «Horrek bestelako ardura batzuk hartzea ekarri zion, eta mesede egin zion». Iazko urte hasieran, haren garapena ikusita, Beoringyanek esan zion 13.50etik jaitsiz gero, Tokion egon zitekeela. «Esan zidan gogotik egin nahi zuela lan, hori lortzeko». Pandemiak on egin zien: «Eskolak eten zirenez, Iruñera etorri zen, eta entrenatzen hasi zen». Garapena handia izan zen, abuztuan Tokion egoteko plangintza prestatzen hasi zirela: «Bagenekien ez zela erraza izango, ametsa zela. Baina nik nire atletak prestatzen ditut beren ametsei mugak ez jartzeko».Gogor lan eginez joan ziren talentuari distira ateratzen. Kirolari zein pertsona moduan ari zen aurrerapauso sendoak ematen garapenean. Eta horren saria jaso zuen: Tokio.

Baina behin hara joanda, espero al zuen horrelako maila ematea? «Batetik, bai. Duela aste batzuk 23 urtetik beherakoen Europako txapelketa irabazi eta gero, lasai joan zen Tokiora. Bere onena ematera, baina disfrutatzera, eta, onenekin lehian, etorkizunera begira eskarmentua hartzera. Baina, bestetik, Jokoetan egoteak beti eragiten du urduritasuna, eta, halakoetan, nik neuk lasaitzen dut. Baina ezin izan nintzen joan, murrizketengatik». Eskarmentudun atleta batek bezala kudeatu du urduritasuna. «Horrek gauzak ondo egitea ahalbidetu dio».

Horrek, eta dituen dohain teknikoek: «Ez du hesi bakar bat ere bota. Horrek ahalbidetzen dio onenen artean egotea, nahiz eta aurkariak irteeran bera baino indartsuagoak diren». Hori dela eta, irteera hobetzea da lantzen ari diren gauzetako bat: «Teknika baino gehiago, potentzia ari gara lantzen, gimnasioko lanarekin. Baina horretarako denbora behar da».

Etxekoak eta lagunak

Etxean ikusi zituen Martinezen lasterketak, bakarrik: «Nahiago izaten dut, lasaiago egoteko». Hiru lasterketak «oso onak» izan zirela dio: «Baina, batez ere, finalerdia, hor egin behar baitzuen urratsa». Hala jarraituz gero, oraindik gehiago hobetuko duela uste du: «Oso zentratuta ikusten dut. Oso-oso garbi du zer nahi duen. Orain arte bezala, patxadaz eta zentzuz joan nahi dugu, urratsak modu naturalean eginez»,

Zentratua egoten, berriz, etxekoek eta lagunek laguntzen diote: «Argi dut lortu duenagatik ez dela aldatuko. Etxekoak gainean daude, eta lagunak ere funtsezkoak dira harentzat, edozein gazterentzat bezala. Normala da orain haiekin ospatu nahi izatea lortutakoa. Nik ere hala egingo nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.