Herritarrengan iltzatutako sortzailea

Joxan Artze omenduko dute Usurbilgo Udalak eta usurbildarrek, ekainaren 16an herrian egingo duten egun osoko ekitaldian. Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika uztartuko dituen egitarau bat prestatu dute

Joxan Artze. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Hitzak ez dira inoiz hiltzen, eta, ondorioz, idazleak ere ez. Artze gurekin dago; guregan». Hitz horiekin laburbildu dute antolatzaileek ekainaren 16an Usurbilen (Gipuzkoa) Joxan Artze poeta eta txalapartariari egingo dioten omenaldiaren funtsa. Urtarrilaren 12an zendu zen Artze, eta berehala hasi ziren Usurbilgo Udala eta herritarrak, eskuz esku, hura omentzeko ekitaldia prestatzen.Yolanda Arrieta idazleak atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez, ekitaldia «heriotzari bizitzatik begiratzeko modu bat» izango da: «Artzeren hitzak berpiztuko ditugu, modu horretan pertsona ere berpiztuz. Artze gurekin egongo da, guregan baitago oraindik ere».

Egun osoko omenaldia izango da hilaren 16koa, eta 10:30ean hasiko da, Harria hitz bisita gidatuarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, bisita horrek Usurbilek euskal sorkuntzan izan duen lekua nabarmentzea du helburu: «Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere». 60ko hamarkadan euskal kulturak izan zuen eztandaren erreferentziazko gune bat ere izan zen Usurbil, eta bisita gidatuak hori ere islatuko du.

Eguerdian, ekitaldi nagusia egingo dute (Joxan Artze oroituz), Mikel Laboa plazan, eta txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika lagun oroituko dute Artze. Arratsaldeko bostetan, haurrek marrazkiak egingo dituzte Olanoneko anfiteatroan, txalaparta entzutean zer sentitzen duten adieraziz, eta, gero, ipuin kontaketa izango da. 18:30ean, berriz, Artzeren lanaren aitortza egingo dute Dema plazan, poesia eta txalaparta uztartuz. Bertan, harenganako sentimenduren bat adierazi nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute, txalaparta joz edo haren poema bat irakurriz. Azkenik, 22:30ean, Artzeren lanean oinarritutako ikuskizuna izango da frontoian.

Horretaz aparte, egun osoan, haurrek Txoria txori poema irakurrita akuarelaz sortutako marrazkiak ikusgai egongo dira Sutegiko erakusketa aretoan, eta herritarrek erregistro liburu bat ere jarriko dute Artzeri nahi dutena idazteko .

Hilaren 13an, berriz, Andoni SalamerokJoxan Artze, espirituz ere bai hitzaldia emango du Potxoenea kultur etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.