Ornette Coleman

Probokatu, eta, azkenean, irabazi

'Free jazz' deitutakoarekin generoa goitik behera irauli zuenean, ortodoxoenek bizkarra eman zioten. Gaur egun, aldiz, mito bat da. 85 urterekin zendu da.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2015eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Anekdota bat da bere soilean, baina adierazten du zerbait. Artean nerabea zela, Ornette Coleman (1930-2015) institutuko musika taldetik kaleratu zuten. Zergatik? «Inprobisatzeagatik». Horixe izan zen eman zioten arrazoia. Hamabost urte geroago, itxuraz erabat inprobisatua zen diskoa osatu zuen: Free Jazz (1960). Bi laukotek grabatu zuten aldi berean —37 minutu jarraian—, eta horietako bakoitzak jotzen zuena aparatu erreproduzitzaileko bozgorailu banatik entzuten zen. Generoaren ortodoxiaren zaintzaileek probokaziotzat hartu zuten —«Ez dakit zer jotzen duen, baina ez da jazza», adierazi zuen Dizzy Gillespiek— eta, hortaz, klubetako jabeek bizkarra eman zioten. Sortzen zuena ez zitzaion probokatzailea iruditzen, eta bere burua defendatzen zuen Colemanek: «Ideiek irudi bat eta soinu bat daukate, eta osorik ateratzen dira garunetik». Kontua da jazza irauli zuen musikaria, baztertua izan zena, mito bat dela mende erdi geroago. 85 urterekin hil zen atzo New Yorken (AEB), bihotzekoak jota.

John Coltranerekin, Miles Davisekin eta Charlie Parkerrekin parekatzen dute adituek, 1930ean Forth Worthen, Texasen, countryaren lurraldean, jaiotako musikaria. Saxofoi bat oparitu zioten haurra zela, eta hasi zen bebop-a aditzen. 20 urte zituenerako Parkerrek bezala jotzen zuen. «Musika hura jotzen ikasi nuen, baina arazo bat neukan: iruditzen zitzaidan ari nintzela egiten aurretik beste batzuek egindakoa».

Beste zerbait zen bilatzen zuena. Eta haren izen adierazgarriko estreinako diskoarekin, Somethin Else !!!!-rekin (1958), ekin zion bilaketari. Free Jazz-en aurreko laneko izenburuarekin —This is Our Music (1960)— bazetorrenaren berri eman zien jazz zale ortodoxoenei. Gainera, diskoaren azalean aurpegi desafiatzailearekin ageri dira Coleman bera, eta baita urte askoan alboan izango zituen bi musikariak: Don Cherry tronpetista, eta Charlie Haden kontrabaxu jotzailea.

Plastikozko instrumentuak

Ateak ixten zizkioten eta jarraitzen zuen entzuleria probokatzen: Cherry eta Coleman plastikozko instrumentuak erabiltzera iritsi ziren. Baina kontuz: «Kontua ez da edozer gauza jotzea, hori egiten aske sentitzea baizik». Blue Note zigilu entzutetsua gertutik zaintzen ari zen Colemanen ibilera berritzailea, eta avant-garde soinuei leku bat egin nahi zietenez, proposatu zioten disko bat grabatzea. The Empty Foxhole (1967) hartan Colemanen semea, Denardo, orduan hamar urte besterik ez zituena —aita hil artean elkarrekin aritu ziren gehienetan—, izan zen bateria jotzailea. Hura ere probokaziotzat hartu zuten garbizaleak; urte batzuk geroagoko Skies for America(1972) sinfoniarekin gertatu bezala

Kontuak zer diren, probokatu eta azkenean irabazi egin zuela, hala esan baldin badaiteke behintzat. Diskografia askotarikoa utziz ondare gisa —duoak, funkera hurbildutako lanak...—, eta mito bihurtuz. Euskal Herriaren ere jo zuen, Gasteizen eta Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.