GERNIKA 53 - 59 AVENIDA

Azken laurdena ez da nahikoa

Gernikak galdu egin du Avenidaren aurka, eta Kopako finaletik kanpo gelditu da. Azken laurdenean suspertu dira gernikarrak, baina ez da nahikoa izan faboritoa gainditzeko

Silvia Dominguez (Avenida) baloiarekin, eta Julie Wojta (Gernika) defentsan. JAVIER CEBOLLADA / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Markagailua.7-13; 24-37; atsedenaldia; 37-53; eta 53-59.

Gertu izan zuen loria atzo ere Gernikak, Espainiako Kopako finalerdietan. Final-laurdenetan Girona kaleratu ostean, ezin izan zuen Avenidaren aurka, eta Kopako finaletik kanpo gelditu dira bizkaitarrak. Azken laurdenean, 15-2ko partzial batek hiru puntura gerturatu zuen Gernika, baina presaren presaz jokatuta bizpahiru baloi galdu zituzten. Hor erakutsi zuen Avenidak zergatik den faborito nagusia. Azken sei Kopetatik bost irabazi ditu Salamancako taldeak, eta, txapeldun handiek bezala, unerik txarrenean egonda ere partida aurrera ateratzea lortu zuen. Azken laurdena ez zen nahikoa izan gernikarrentzat, baina ligako kanporaketei begira ondo etorriko zaie atzo erakutsitako nortasuna.

Final-laurdenetan ez bezala, hotz hasi zuten neurketa atzo Gernikak eta Avenidak. Biak ala biak bikain sartu ziren herenegun jokatu zituzten partidetan, baina atzoko partida oso makal hasi zen. Hala ere, Salamancako taldeak lortu zuen lehenik aldeak ateratzea. Silvia Dominguezen eta Maite Cazorlaren gidaritzapean, hutsuneak aurkitu zituen Avenidak gernikarren zona barruan, eta 3-12 aurreratu ziren.

Gernikak frustratu samar jokatu zuen, markagailuan atzean zegoelako, eta lau minutuan bi falta egin zituen Sandra Ygueravide antolatzaileak. Itziar Ariztimuño berehala sartu zen haren ordez, eta bilbotarrak taldearen jokoa lasaitzea lortu zuen. Anna Montañanak hutsartea ere eskatu behar izan zuen, eta gernikarrek lortu zuten ordura arteko sentsazioak hobetzea. Blokeo zuzena baliatu zuten saskira bidea hartzeko, eta, azkenerako, 7-13 amaitu zen lehen laurdena.

Bigarren laurdenaren hasieran, taldeak ondo jokatu zezan ahalegindu zen Ariztimuño, eta batzuetan lortu ere egin zuen. Avenida, baina, ez da nolanahiko taldea, eta Mariella Fasoularen eta Alexis Princen joko fisikoa nagusitu zen.Avenidako beste izen asko nabarmendu ziren bigarren laurdenean, baina Ariztimuñok, Julie Wojtak eta Adrijana Cvitkovicek mantendu zuten Bizkaiko taldea partidan. Hala ere, aldea handitzea lortu zuen Avenidak, eta 24-37 amaitu zen bigarren laurdena.

Atsedenalditik bueltan, Sandra Ygueravide agertu zen, Gernikaren mesederako. Bi falta zituenez, aulkian egon zen bigarren laurdenean, eta, hirugarrena hasi bezain pronto, bost puntu sartu zituen antolatzaileak. Avenidak, ordea, defentsa gogortu zuen, eta Gernikak kostata lortu zuen zonatik gertu abantailaren bat. Korrika egitea asko gustatzen zaio Montañanaren taldeari, eta oso jokalari arriskutsuak ditu era horretan jokatzeko. Ez zuten bidea topatu, ordea, eta defentsan egin behar izan zuten lan gernikarrek markagailuan zegoen aldea ez handitzeko. 37-53 amaitu zen hirugarren laurdena.

Sinetsi bai, baina ezin lortu

Azken laurdenean sartuta, eta hamasei puntuko desabantailarekin, lanean jarraitu zuen Gernikak, eta markagailua irauli zezaketela sinetsi zuten jokalariek. Defentsan oldarkor jokatuz, markagailuan gerturatzea lortu zuten. Zonakako defentsa erabili zuen Montañanak, eta etekina atera zion defentsa horri. Ygueravidek eta Laura Spreaficok hiruko marratik asmatu zuten, eta, 15-2ko partzial batekin, hiru puntura hurbildu ziren gernikarrak ia bi minutu gelditzen zirela. Patxadaz jokatuz lortu zuten aldea murriztea, baina markagailua berdindu nahiak azkarrago jokatzera behartu zituen gernikarrak azken minutu horietan, eta bizpahiru baloi galdu zituzten. Saski aurrean ere ez zuten asmatu, eta loria ukituta baina saririk gabe gelditu zen Montañanaren taldea.

Azken laurdenean, sei puntu soilik sartu zituen Avenidak, baina, txapeldun handiei gertatu ohi zaien bezala, puntu horiek nahikoa izan ziren partida bereganatzeko. Bihar jokatuko dute Kopako finala Salamancakoek, eta etxeko taldea izango dute aurkari: Zaragoza. Sarrera guztiak saldu dira, eta 10.000 zale inguruk ikusiko dute finala Felipe Printzea pabiloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.