Azken uda dantza (V)

Inon baino alaiagoa

'Ta zer ez da berdin' Hertzainak taldearen abestietan gehien entzun eta dantzatu direnetako bat da. Lehen diskoko kantu gehienak ez bezala, Josu Zabalak «intimotzat» du, arrakastaren aurreko egoeraz ari da eta.

Hertzainak taldea, artxiboko argazki batean. BERRIA.
Andoni Imaz.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Hasieratik argi zuten zein zen helburua: «Lehenengo aldiz Euskal Herria hankaz gora jartzea». Rocka euskaraz eginez, Gasteizen. Horrek harritu zuen gehien Iñaki Garitaonandia Gari, Hertzainak taldean abesten hasi zenean: «Zein argi izan zuten, batez ere Josuk, taldearen ideia, filosofia, esanahia. Eta zer-nolako indarra azaldu zuen bere proiektuaz mintzatzean, guztiok dena utzi eta berarekin ibilbidea hasteko». ETB1eko Ur handitan saioan kontatu zuen hori, 2019an. Xabier Montoia taldetik kanpo geratu zenean, kantari bat behar zuten, eta Josu Zabala baxu eta soinu jotzailea eta Gerardo Pozo Gene taldearen laguna Legazpira (Gipuzkoa) joan ziren behin, Ziper taldearen kontzertu batera, Gari kantuan entzutera, «ikusteko ea balio zuen ala ez». Ez zioten hautaproba makala egin: «Kontzertu osoan lehen lerroan egon ginen, probokatzen, txistua botatzen, izorratzen... Eta mutilak gainditu egin zuen azterketa», esan zuen Zabalak saio horretan.

Garik 18 urte zituen; Zabalak, bederatzi gehiago. Hertzainak 1983an hasi zen kontzertuak ematen kide berriarekin, eta Donostiako IZ estudioan grabatu zuten lehen maketa, Angel Katarain soinu teknikariarekin. Urte horretan bertan hasi ziren kontzertu jendetsuak ematen, Egin egunkariak Euskal Rock Erradikala etiketaren barruan sartu zituen beste hainbat talderekin batera.

Lehenengo diskoa 1984koa da: Hertzainak. Marino Goñik ekoitzi zuen, eta Soñua zigiluak atera. Hamar kantu, belaunaldi bati baino gehiagori berebiziko zirrara eragin dizkiotenak: Eh txo!; Pakean utzi arte; Kontrola!; Si vis pacem, parabellum; Kamarada; Ta zer ez da berdin; Infernuko atean; Sigarrillos amariyos; Drogak AEKn, eta Arraultz bat pinu batean. Zabalak sortu zituen doinuak, eta taldekideek eta haien lagunek idatzi zituzten hitzak.

[youtube]https://youtu.be/qjBhdhG3D34[/youtube]

Genek bi idatzi zituen: Si vis pacem, parabellum eta Ta zer ez da berdin. «Aspaldi-aspaldiko laguna zen. Abentura troskistetan kointziditu genuen, Montoia ere tartean zebilenean. Hura izan zen gure lehenbiziko ekoizlea, zentzu zabalean: ezer ez geneukanean, berak auto bat zeukan, eta Gari entseguetara ekartzeaz arduratzen zen. Beti taldearen alde; beti laguntzeko prest», azaldu dio Zabalak BERRIAri.

Disko horrek ospe handia eman zion taldeari, baina ospearen aurreko garaiez ari da, hain zuzen, kanturik enblematikoenetako bat: Ta zer ez da berdin. «Oso ondo islatu zuen gure hasierako egoera: desertuan pasatu genituen lau urte, Gasteizko tabernetan jotzen; ia ez ginen handik ateratzen. Gainera, euskal munduaren boikota pairatu genuen, nolabait. Diskoa kaleratu arte, gure egoera nahiko petrala zen». Rock-and-rollak ez zuen dirurik ematen. «Ez genuen ezer kobratzen; ez zegoen dirurik. Hala ere, taldeari esker kanutoak oparitzen zizkiguten, eta oso ondo drogatzen ginen; garagardoetara gonbidatzen gintuzten, eta, nahiz eta dirurik ez izan, ondo bizi ginen giro hartan. Kantuak ondo islatzen du hori: alde batetik poltsikoa hutsik, baina tira, bizirik, barruko indarra ateratzen».

Negarra eta poza

Ingurua deskribatu zuten abesti gehienetan: Poliziaren kontrola, indarkeria, euskalduntasuna, askatasuna... Ta zer ez da berdin, aldiz, «intimoa» da, barrura begirakoa: «Sentitzen genuen geure burua ez zela deus ere». Horregatik, kantu «negarti» bat da Zabalarentzat: «Ez dut ezer inoiz zuri esateko», «munduan ez da kokolorik, ez zeruan ere/ nik bezain gaizki eginen lukeenik»...

[youtube]https://youtu.be/36bVYrfTaQ4[/youtube]

Errepikan bada bizipozerako tarterik, ordea: «Inon baino alaiagoa izanen da/ ta zer ez da berdin». Zeinurik gabeko esaldi ulergaitz bat. «Ta zer? Ez da berdin?», galdera axolagabeak izan litezke; edo dena batera: «Ta zer ez da berdin? galdetu ohi dik, sarritan hausnartu arren hik egundo ulertzea lortu ez duan galdera bitxi, ia esoteriko hori hainbatgarrenez errepikatuz», Montoiaren Euskal Hiria sutan liburuko narratzaile batek kontatzen duenez.

Diskoa argitaratu eta gero, ezer ez zen berdina izan. «Euskal jendearen eta gure arteko harremanak zeharo aldatu ziren. Hasieran guztiaren kontra atera ginen, eta, denborarekin, horietako asko gure alde jarri ziren, edo entzuten gintuzten, behintzat». Zabalak argi du: «Marino Goñik ez baligu proposatu diskoa egitea, segur aski taldea desegin egingo zen segituan». Burua altxatu, eta dantzarako indarra atera zuten: «Poroboporoboporoboporoboporobopooo/ ta zer ez da berdin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.