begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Herman, Orson eta hainbat ehiztari

2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Jarraitzen dute askok malko bizitan, gezur-negarrontziak dirudite; bizi ditugun eta oraindik bizitzeke ditugun garaietatik at geratu dira dagoeneko.

Denak ematen die min, baina, antza, zorionekoak dira bazterretan zotinka. Beti aurkitzen dute kontrako bide bat pozik ez egoteko, ezkor agertzeko sare sozialetan. Karteldegia emakumezkoek zuzenduriko filmez gainezka dagoela? Ba ez da film horiek pantaila bat merezi dutelako, baizik eta Inperioko ekoiztetxe erraldoiek beren mega-estreinaldirik ez dutelako egin.

Negar-kantari horien aburu beltzen arabera, Fiora Sigismundi zinemagile gotiko-punk-ilun horren Henry Jamesen Koxka bat estuago-ren bertsio berriak ez du bide, ei, omen merezi hainbat merkataritza gunetako pantailetan lortu duen tokia. Seguru daude. Arras. Disneyk Mulan estreinatuz gero, bisualki hain indartsua den film hau ez litzateke gurean.

Hortxe beste kontu bat: arima erostari horientzat, iragan garaietan egindako zinemaren antzekorik ez da. Literaturaren klasiko guztien bertsio on denak aspaldi zaharrean egin ziren. Zuri-beltzean, jakina. Lastima, horrela pentsatuz gero, ezingo dute gozatu hain berezia den eta hain pareko gutxi duen Bowie eta Marilyn Mansonen bideo markaz kanpokoen egilea den emakume honen beldurrezko kontaketa belztu horri botatako begiradaz.

Zer egingo dugu negartsu horiekin? Ezer ere ez, ez baitute salbaziorik. Malko saltsa horretan utzi, zoriontsuak baitira beti kexu, beti minduraka.

Zurrumurru polita zabaldu da lau haizeetara: Moriarti zeluloidezko lagun taldeari erreparatu dio Hollywoodeko ekoiztetxe garrantzitsu batek. Hasi bide dira tratuan, harremanetan, negozioetan. Izan daiteke Arregi, Goenaga eta Garañoren estreinako saioa ingelesez. Baliteke bertan behera geratzea abentura, baina ez esan pozgarria ez denik. Bai, badakit, izan daitezke ere Ulisesek eta beste ameslari andana batek entzundako itsaslaminen kantu kaltetsuak, hondamendira garamatzaten horietakoak. Egia. Gerta liteke Hollywoodeko ametsa lokamuts bihurtzea. Bale, ados, akort. Baina ez al da goizegi malko sakonetan murgiltzeko? Bada, batzuk murgildu dira jada; Moriartikoek nortasuna, izaera eta abar eta abar galduko dutela idatzi dute izkina guztietan. Jakin gabe, erreparatu gabe, ohartu gabe Hollywood hasiera-hasieratik ibili dela multibertso honen bazter guztietan izan zitekeen talentuaren atzetik. Ametsen fabrika horretan lan egin duten gehienak ez dira izan Kaliforniako seme-alabak, Hungarian, Alemanian, Suedian, Frantzian, Irlandan, Mexikon edo auskalo non jaioak baizik. Eta oso gutxitan izan ziren zineman lizentziatuak. Boxeolariak, desertoreak, iheslariak, zirkuan ibilitakoak ziren. Baina Hollywoodeko talentu-eraikitzaileak onenak ziren. Eta dira. Odol berria non, Hollywoodeko ehiztariak han.

Ez egin negarrik, koitaduok. Utzi Goenaga, Arregi eta Garaño, lubakitik ateratzen. Jakingo dute beraiek zer egin nahi duten. Ingelesez egingo dutela? Bale, horrela, parean jarriko lirateke Axularren mintzoa eta Tristam Sandyrena.

Alferrik da, alta, malkoak gustuko duten horiekin aritzea. Negarra droga dute. Merkea. Ez sintetikoa. Natural-naturala. Google mundu osoan erori zenean poztu ziren, zinema eta abarrekoak eskura jartzen dizkiguten plataformak pikutara joango ziren esperantzaz. Oraindik ez baitira enteratu zinema eta abarrekoak ikusteko moduak aldatu direla. Baina, gizadiaren historian zehar berriak ez du ona zena inoiz akabatu. Argazkiak ez zuen pintura lurperatu. Zinemak ez zuen antzerkia zokoratu. Telebista ez zen zinemaren hiletara joan.

Plataformak ari dira (badakit hau idaztea ez dela batere politiko zuzena, ezta ortodoxoa ere) zinema mimatzen. Bai, mimatzen idatzi dut. Estreinatu da Netflixen David Fincherrek (Seven, Fight Club, Gone Girl eta antzekoen egile bera, bai) kameraz zizelkaturiko Mank harribitxia.

Bertan, ñabardura handiz trataturiko zuri-beltzean, Citizen Kane sortzerakoan zinemaren bi prima donna ikaragarriak ziren Orson Wellesen eta Herman Mankiewicz gidoigilearen arteko lehia, erronka, ika-mika, kalapita, amodioz, amirazioz, gorrotoz eta destainaz beteriko haserreak agertzen dira. Azkarra du gidoia, bizkorra kamera, bilorik gabea ahoa, luzea mihia. Eta zoragarria garai hartako Hollywoodi, munduari, politikari, literaturari, modan zeuden sexu-moduei eta zinemari berari egindako erretratua. Moriartikoek hara joan eta hangoekin ezer sinatu aurretik ikusi/ikasi beharreko zeluloide puska da. Plataforma batek babestua. Bitartean, apurka-apurka, ari dira zinema saloiak berriz zabaltzen. Non-nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.