Iratxe Retolaza. EHUko irakaslea

«Urteotako ekarpen nagusia euskal komiki sarea sendotu izana da»

Hitzak indar handia du euskal kulturan, eta, Retolazarentzat, hori da arrazoietako bat hitzaz besteko esparruak hain ikusgarri ez izateko. Igartzen du aldaketa bat komikiaren kasuan.

Miren Garate.
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Egungo euskal komikiaren historia izeneko liburua argitaratu zuen iaz EHUk, euskal komikiaren historia literario baten lehen urratsa egiteko asmoz. Bi zati nagusi ditu lanak: alde batetik, XIX. mende amaieratik XXI. mende hasierara arteko joera eta plataforma nagusiak biltzen ditu; bestetik, 1983tik 2013ra bitarteko 11 komiki xeheki aztertu dituzte zenbait lagunek. Iratxe Retolazak koordinatu du liburua.

Euskal Literatura sailean argitaratu berri duzue Egungo Euskal Komikiaren Historia. Ikuspegi literariotik begiratu diozue komikigintzari. Zergatik?

Azken urteotan, ikerketan zein irakaskuntza jardunean, literaturak beste diziplina artistikoekin izandako harremanetara eta zubietara hurbildu izan gara, tartean komikigintza: batetik, komikizalea izan naizelako beti; bestetik, narratologia izan dudalako ikerketa eremuetariko bat. Diziplinarteko begirada horri leku bat egin nahi genion, eta komikigintzaren ekarpenak gehiago ezagutzeko aukera ere bazen.

Hasteko, historikoki izandako plataforma nagusiak aztertu dituzue. Literaturako argitaletxeek oraindik ez dute apustu handirik egiten komikiaren alde, ezta?

Liburu formatuan ez dago maiztasunik, ezta komikia sustatzeko egitasmo sendorik duen euskal argitaletxerik ere. Xabiroi dugu salbuespena: egitasmo sendoa da, maiztasunari eusten diona, eta komikigileen zein komikizaleen sarea eraikitzeko lan eskerga egin duena. Argitaletxe literarioetan noizean behin kalitate handiko komikiak argitaratu dira, baina ez dago proiektu iraunkorrik. Ilustrazioaren esparruan ere antzekoa da egoera: Haur Literaturako liburu ilustratuez gain, gutxi dira liburu ilustratuak, eta ez dago ildo editorial sendorik argitaletxe literarioen esparruan behintzat. Uste dut arrazoi askoren ondorio dela: liburua bihurtu dugu kultur osasunaren neurgailu, eta, bide horretan, liburuaren ikuspegi jakin bat errotu da. Literatura idatziak balio sinboliko handia izan du euskal literaturan; eta, jakina, errentagarritasunak ere izango du eraginik.

Funtzio asko izan ditzake komikiak (didaktikoa, politikoa...). Euskarazko komikigintzan bateren bat izan da nagusi? Bilakaeraren bat egon da?

Garai batzuetan funtzio didaktiko-politikoa izan da nagusi; batez ere 1930eko eta 1960ko hamarkadako egitasmoetan nabari da hori. Haur eta gazteentzako komikiak argitaratu ziren: euskaraz alfabetatzeko, euskal kontzientzia pizteko, abertzaletasunaren ideiak zabaltzeko, eta abar. 1970eko hamarkadatik aurrera, bestelako ekarpenak etorri ziren. Batetik, kontrakulturaren bidetik, kritika sozialari lotuagoak, eta ikuspegi artistiko sendoagoa zutenak. Bide horretan jardun zuen Napartheid fanzine satirikoak ere, hamarkada batean, eta ikuspegi satiriko horri heldu zion H28 hilabetekari saretirikoak ere. Bestetik, 1970eko hamarkadaren amaieran, Ipurbeltz jaio zen. Hark helburu artistikoak lehenetsi zituen helburu didaktikoen aurretik, eta funtsezko harrobi izan zen. Hortaz, lehen hamarkada horietan izan ezik, askotariko funtzioak izan ditu, eta estetika ugari jorratu dira. Besterik da zer egin den ikusgarri, zer hedatu den, zer ezagutzen dugun.

Zergatik dira itzulpenak euskarazko komikietako asko?

Ez dut argi zergatia. Haur Literaturaren esparruan, oro har, itzulpenerako joera handia dago: kontuan harturik itzultzen diren komiki gehienak esparru horretakoak direla, agian horren ispilu besterik ez da. Gaur egun, Astiberri argitaletxeak komikiak euskaratzea erabaki duenetik ere gora egin dute itzulpenek. Argitaletxeen politiken emaitza da. Akaso errazagoa egiten da kanpoan arrakasta izan duen komiki bat euskaratzea, bertako komikigile baten lana sustatzea eta hedatzea baino. Errazkeria izan daiteke, edo agian badago nik ezagutzen ez dudan arrazoi editorial bat.

Gutxietsi egin izan da komikigintza?

Ez dakit komikia gutxietsi egin izan den, edo besterik gabe, beste esparru batzuetan gertatu bezala, transmisioa oztopo bat izan den. Gainera, beste esparru batzuk lehenetsi izan dira: balio sinbolikoa beste esparru batzuetan jokatu izan da —bertsolaritza, musika, literatura, eskultura—. Horiek itzal egin diote komikiari. Euskal kulturaren kasuan, gainera, hitzak indar handia hartu du, eta, ondorioz, hitzaz besteko esparruak edo esparru hibridoak ez dira hain ikusgarri egin.

Gaur egun euskarazko komikigintza osasuntsu dagoela iruditzen zaizu?

Uste dut azken urteotako ekarpen nagusia euskal komiki sarea sendotu izana dela. Saretze lan horri esker, zabalkunderako guneak sortu dira, eta ikusgarriago egin da komikigileen lana eta ekarpena. Nolanahi ere, oraindik badugu erronka bat esku artean: komiki irakurleak sortzea, eta komikizaletasuna hedatzea.

Irudien eta hitzaren bidez sortutako narrazioa da komikia. Esango zenuke euskaraz bi horietakoren bat bestea baino gehiago zaindu dela?

Uste dut euskal kulturan hitzari balio sinboliko handia eman zaiola, eta, kasu batzuetan, hitz idatziari. Ulertzekoa da: egoera diglosiko baten ondorioa izan da. Euskal komikiari begiratuta, ez dut uste bietariko baten alde egin denik; edozein komiki lanetan gertatu bezala komikirik onenek bien arteko konbinazioan asmatu dute eta.

Zer esango zenuke emakumeek euskal komikigintzan izandako presentziaz?

Argitalpen plataformaren arabera askotxo aldatzen da egoera, baina proiektu kolektibo guztietan jardun dute emakumeek, askotariko lanetan: komikigile, gidoigile... Adibidez, Ipurbeltz-en, Habeko Mik-en, Napartheid-en, Xabiroi-n. Prentsako komiki zinten esparruan, aldiz, askoz emakume gutxiago aritu dira, batez ere Iritzia saileko ataletan. Ainara Azpiazu Axpi izan da bat. Gutxitxo dira komiki albuma edo komiki liburua argitaratu dutenak ere; besteak beste, Amaia Ballesteros, Eider Eibar, Maite Gurrutxaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.