Donostiako 61. Zinemaldia. Perlak

«Ama eta semearen arteko harreman patologikoa erakutsi nahi izan dut»

Berlinaleko Urrezko Hartzaren garailea, 'Pozitia Copilului', aurkeztu du Calin Peter Netzer errumaniarrak

Calin Peter Netzer zinemagile errumaniarra, Maria Cristina hotelaren terrazetako batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Calin Peter Netzerrek (Petrosani, Errumania, 1975) egun bakarrean zenbat elkarrizketa eman dituen kontatu du. «Hamahirugarrena da!», bota du zinemagileak, ingelesez. Ondoren, esan nahi duena «hobeto azaltzeko», errumanieraz mintzatu da. Hartara argi utzi nahi izan du zuzendu duen pelikula, Pozitia Copilului (Child'sPose), bi modutara interpretatu daitekeela baina berak, batez ere, gauza bat deskribatuduela: «Pelikula psikologikoa da, eta ama baten eta bere semearen arteko harreman patologikoa erakutsi nahi izan dut». Lan horrek film onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen joan den otsailean Berlingo zinema jaialdian, eta Zinemaldian Perlak sailean proiektatu dute.

Netzerrek berak aipatutako bigarren interpretazioa kontuan hartuz gero, uler daiteke Errumaniako Poliziaren eta gizartearen ustelkeria eta Bucarest hiriburuko klase altuen klasismoa salatzeko ahalegina ere egin duela. Ez dago guztiz ados. «Bai, filmak eman dezake egungo Errumaniaren argazkia, baina ustelkeria-eta erabili ditut funtzio dramaturgiko hutsarekin istorioa kontestualizatzeko». Halere, klasista iruditzen zaio bere herrialdeko gizartea, eta 1989an Nicolae Ceaucescuren erregimena erori ondorengo albo-kalte bat dela uste du. «Sasi-dirudun dezente dago».

Cornelia, ama alegia, ordea, ez da horietako bat, Netzerren irudiko. «Arkitektoa da, eta senarra medikua. Intelektualak direla esan dezakegu». Eta etxe eder batean bizi dira. «Ez dira sasi-dirudunak, baina horrek ez du esan nahi etxe hori ez dutenik lortu Ceaucescuren erregimenaren pean egindako mesede batzuei esker».

Barbu, semea, ez da jada han bizi. 34 urte ditu, eta auto istripu batean 14 urteko haur bat hilko du. Kartzelatu ez dezaten, bereak eta bi egingo ditu amak. Hori da, hain zuzen, pelikularen gaia, zuzendariaren esanetan. «Corneliak ez du onartzen Barbu pertsona heldu bat denik. Oraindik ere ume bat moduan tratatzen du». Netzerrek aitortu du, umorez, Barbu izena Barbietik datorrela.

Espetxetik libratu nahi du, batetik, harremana patologikoa delako. Eta, bestetik, semea kartzelatu dutela lagunen aurrean onartzeak lotsatu egingo zuelako. «Horretatik ere eduki dezake Corneliaren hautuak, baina, batez ere, lehen arrazoiak bultzatzen du».

Hasieran, aldiz, beste molde bateko pelikula egiteko asmoa zeukan zinemagile errumaniarrak. «Razvan Radulescu gidoigilearekin elkartu nintzen, eta pentsatzen genuen familia disfuntzionalei buruzko film bat egitea. Baina konturatu ginen biok ama posesiboak eduki genituela, eta hori jorratzea erabaki genuen». Beraz, «nahiko gogorra» egin zaio kontu pertsonal bat azaleratzea.

Grabatzea ere ez zen erraza izan. «30 egun besterik ez genuen eduki... Denbora gutxi da». Bi kamera digital erabili zituzten, eta kameralariei erabateko askatasuna eman zien. «Haiek sentitu bezala mugitu zituzten kamerak». Eta baita asko mugitu ere. «Uste dugu horrela lortzen dela fikzionatutako dokumental gisako bat egitea. Ariketa artistiko bat da». Sekuentziarik luzeena, ordea, ez da baliabide estilistiko bat izan. «Bai, badakit azken laurdeneko sekuentziak luzeak direla, baina, hain zuzen, sekuentzia horietan pilatzen da tentsioa, horietan lehertzen dira emozioak, eta ezin ziren moztu».

Berlinaleko sari nagusia irabazi eta bi astera estreinatu zuten Pozitia Copilului (Child'sPose) Errumaniako zinema aretoetan. Hala, Netzerrek barre txikiarekin esan du azken 20 urteotan hango aretoetan sarrera gehien saldu duen filma dela berea. Pentsatzen du Cristian Mungiu zuzendariak eta berak, adibidez, egiten dutela zinema errealista bat («beharbada, besterik egiteko baliabiderik ez dugulako»), baina konpromisoa eskatu dio gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.