Venezuela. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Chavismo garaiko legeak, arriskuan

Iraultzaren lorpenak ahalbidetu dituzten oinarriak bertan behera uzteko aukera dauka oposizioak

Bolivar-Chavez komandoko jarraitzaileak, burumakur, hauteskundeen lehen emaitzak eman zituztenean, Caracasen. MANAURE QUINTERO / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Chavismoaren 17 urteko agintaldian iraultza bolivartarrak Venezuelan eraiki dituen legeak eta hitzarmenak eraisteko modua izango du urtarriletik aurrera oposizioak, MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak ofizialki oraindik eman gabe dauden bi eserlekuak eskuratzen baditu. 112 diputaturekin —MUDren 109rekin eta oposizioarekin lerratutako hiru indigenekin—, izan ere, Asanblea Nazional berriko bi herenen babesarekin, ahalak izango ditu oposizioak, Nicolas Maduro presidentea kargutik kentzeko erreferendum batera deitzeko edota chavismoaren legeak desegin eta joko zelai berri bat prestatzeko.

Venezuelako aginte egitura presidentzialista izanagatik, legebiltzarraren hiru herenekin aukera dago konstituzio aldatzeko ere. Hala jasoa dago 1999an, chavismoaren hastapenetan onartutako konstituzioan. Halaber, hamazazpi urtean hemeretzi hauteskunde deialdi irabazi izanak emandako zilegitasunarekin chavismoak onartutako lege eta egitasmo ugari arriskuan daude, lege organikoak onartzeko ahala ematen baitute 112 diputatuk.

Pobrezia maila ia erdira jaistea lortu zuen hamabost urtean Venezuelak: 1998an herritarren %49 ziren pobreak, eta 2013 amaieran %27,3, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera. Baina, oposizioaren garaipen erabatekoari esker, iraultza bolivartarra egituratu duten oinarriak kolokan daude. «1980ko hamarkadara itzultzeko arriskua» aipatu du, esaterako, Vladimir Adrianza politologoak TeleSur katean.

ERABATEKO HORNITZEA

MUD koalizioko buruzagiek Erabateko Hornitzerako Lege Programa bat onartzeko asmoa agertu izan dute, baina ez dute zehaztu nola aterako duten aurrera. Gobernu chavistek Pdval, Mercal eta Abasto Bicentenarios sareen bidez bermatu dute elikagaien hornidura, salgaiei ezarritako diru laguntzarekin. 120.000 tona jaki baino gehiago banatu dituzte, eta hogei milioi venezuelar baino gehiago izan dira sistema horren onuradunak. Gobernu chavistek jaki enpresak nazionalizatu izan ditu, elikadura eskubidea bermatzeko argudioarekin, eta oposizioak birpribatizazio aldi bat hasi nahiko luke.

Elikagaiez gain, oinarrizko produktu askorekin hordidura arazo handiak izan ditu Venezuelak petrolioaren prezioa jaitsi zenetik. Oposizioarekin lerratutako enpresariei boikota eragin izana ere egotzi die gobernuak.

USTELKERIAREN AURKAKO GAITZE LEGEA

Ustelkeriari, espekulazioari eta pilatzeari buruzko Gaitze Legea 2013ko abenduan onartu zuen chavismoak. Eta Venezuela eta Kolonbia arteko mugan larrialdi egoera ezarri du, diruz lagunduta ekoitzi eta merkatu prezioetan baino merkeago salerositako elikagaien kontrabandoa eragozteko. Gehiengo kalifikatuari esker, oposizioak mugaldeko larrialdi egoera bertan behera utziko luke.

LANAREN LEGE ORGANIKOA

Hugo Chavez presidenteak sustatuta, Lanaren eta Langileen Lege Organikoa (LOTTT) 2012an onartu zuten Venezuelan. Langileen eskubideak babesteaz gain, lege hori erabakigarria izan da emakumea lan munduan integratzeko. Fedecamarasek, sektore pribatuko merkatari eta enpresariak biltzen dituen elkargoak, LOTTT baliogabetzeko eskatu dio dagoeneko Asanblea Nazional berriari, Jorge Rodriguez Libertadoreko alkateak salatu duenez: «Milioika langile kaleratu nahi dituzte. Eta ez dugu halakorik onartuko».

Mugimendu Laboristak, bestalde, chavistek PDVSA petrolio konpainia publikotik kaleratutako 22.000 langileei lanpostua itzultzeko eskatuko du.

BIDEZKO PREZIOEN LEGEA

Eskuineko indarrek Bidezko Prezioen Lege Organikoa ere aldarazi nahi dute. Venezuelarren soldata espekulaziotik babesteko sortua, gehienez ere %30en irabaziak baimentzen ditu, produkzio gastuei erreparatuta. Iazko urtarrilean sartu zen indarrean, chavismoak eskuinari egotzitako «gerra ekonomikoari» aurre egiteko.

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA

GMVV Venezuela Etxebizitza Misio Handia izan da chavismoaren proiektu izarretako bat. Herritar pobreenen bizi baldintzak hobetzeko sortua, oposizioak ordezko lege bat proposatu du kanpainan: Etxebizitzen Garapena Sustatzeko Legea. Helburua, familia bakoitzari bukatu gabeko etxebizitza egitura bat segurtatzea da, eta banku pribatuekin zorpetzea hura handitu eta osatzeko.

KUBAREKIKO HITZARMENA

Venezuelak Kubarekin osasun eta hezkuntza alorrean egindako hitzarmenari esker 1.760.330 venezuelarren bizia salbatu da 16 urtetan, Caracasko gobernuaren arabera, eta 19,5 milioik mediku arta jaso dute. 730 milioi mediku kontsulta baino gehiago egin dira, eta ia bi milioi ebakuntza. Eskuineko oposizioak hitzarmen horiek bertan behera utziko dituela segurutzat jotzen da.

AMNISTIA LEGEA

Amnistia eta Adiskidetze Legea onartu, eta krimenak egotzita preso dauden oposizioko politikariak askatzea badauka legebiltzar berriak. Leopoldo Lopez VP Herri Borondateko buruzagiari 13 urteko espetxea ezarri zioten, 43 hilketaren arduraduntzat jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.