Acabe elkartea: osagarria behar zuena «funtsezko» bilakatuta

Elkarteak zerbitzu psikologikoa eta laguntza ematen die pazienteei eta sendiei. Ohartarazi dute izurriaz geroztik «gainezka» daudela

Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ez dute inoren ordezko izan nahi, baina, praktikan, osasun sistema publikoak eskaintzen ez duen arreta ematen dute. Acabe Anorexiaren eta Bulimiaren Kontrako Elkarteak urteak daramatza lanean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, pazienteei eta haien sendiei aholkularitza, banakako arreta, babes psikologikoa eta informazioa ematen. Gaitzaren prebentzioa eta sentsibilizazioa ere lantzen dute. «Guk lan osagarri bat egin beharko genuke, baina, gaur egun, Osakidetzak eskaintzen ez duen gutxieneko hori betetzen saiatzen gara», azaldu du Susana Garcia Arabako Acabe elkarteko presidenteordeak.

Elkartea «funtsezkoa» bilakatu da elikadura nahasmenduak dituzten gaixo eta familia askorentzat, Garciak dioenez. Areago, koronabirusaren pandemiaz geroztik. Izan ere, azken bi urteotan %40 ugaritu dira kasuak, Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera. Kasuen gorakada sumatu dute elkartean ere: «Izurriak eragin zuzena izan du buru osasunean, eta isla izan du gure elkarteko jardunean ere. Pandemiaren aurretik lehen zortzi kontsultak doan eskaintzen genituen, baina orain lehen hirurak baino ezin ditugu eskaini. Ez gara iristen».

Elkartean lanean ari den psikologoa ere «gainezka» dagoela azaldu du, eta ohartarazi atzean Osakidetzaren baliabide eskasia dagoela. Izan ere, salatu duenez, elikadura nahasmenduren bat diagnostikatua dutenek osasun etxeko atea jo behar dute aurrena, eta, han, psikologoarekin lehen zita eman arte sarritan «zazpi hilabete» itxaron behar izaten dute. Adingabeen kasuan, gainera, lehen eta bigarren zitaren artean hiru hilabete pasatzen dira. «Ez dauka logikarik. Osasun mentalaz ari gara; askotan, autolesioaz eta suizidioaz». Hala, ezinbestekotzat jo du muturreko egoera batean daudenentzat Osakidetzak 24 orduz telefono bat martxan jartzea.

Familiak ere «abandonatuta» sentitzen direla salatu du Garciak, Osakidetzak ez dielako egoera kudeatzeko «inolako baliabiderik» eskaintzen. Oraintxe bertan elkartea da senideei babesa eta laguntza ematen diena: astean bitan psikologoarekin terapia egiten dute. Gainera, elikadura nahasmenduak ulertzeko jarraibideak ematen dizkie: «Nahasmendu asko daude: anorexia, bulimia, ortorexia, bigorexia... Psikologoaren laguntzarekin gure seme-alabei gertatzen zaiena hobeto ulertzen dugu».

Ikusgaitasuna eman

Elikadura nahasmenduak dituzten gaixoen %90 emakumeak dira, eta gehienak 30-40 urtetik gorakoak. «Ez da nerabeen gaixotasun bat bakarrik», zehaztu du Garciak. Arazoaren larritasunaz ohartarazi du, bai eta gaur egun edertasun kanonak sustatzen dituen gizartearen eta sare sozialen arriskuez ere: «Erloju bonbak dira». Elikadura nahasmenduak dituztenak «estigmatizatuta» daudela uste du, eta, horregatik, ezinbestekotzat jo du gaixotasun horiei «ikusgaitasuna» ematea: «Hormak botatzen jarraitu behar dugu, eta ixten diren ateak irekitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.