Memoriaren legea indargabetuko duela agindu du Feijook Ermuan

Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena oroitzeko ekitaldia egin dute PPko buruzagiek

Jose Maria Aznar eta Alberto Nuñez Feijoo, atzo, Ermuan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena oroitzeko ekitaldia antolatu zuen atzo PPk Ermuan (Bizkaia). Alderdiko buruzagi nagusiak izan ziren bertan, besteak beste Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia, Carlos Iturgaitz EAEko PPko burua eta Mari Mar Blanco ETAk 1997an hildako PPko zinegotziaren arreba. Ekitaldian, Blancoren memoria gogoan hartu zuten, eta, era berean, PSOEren gobernuaren aurka mintzatu ziren; bereziki gogor kritikatu zuten EH Bildurekin Memoria Demokratikoaren Legea hitzartu izana.

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak ohartarazi zuen lege hori indargabetuko duela, eta, gainera, PSOEren babesarekin egingo duela, «elkarrekin memoria eta justizia berrezartzeko» asmoa duelako. Legea indargabetzeko «konpromisoa» Ermuan eta PPren alderdikideen aurrean hartu izanari garrantzia eman zion Feijook, eta azpimarratu zuen «euskal herritar eta espainiar gehienen izenean» ere atzera botako duela araua. Baina argi utzi zuen pauso hori sozialistekin batera eman nahi duela: «ETAko terroristek ez bazuten gu banatzerik lortu, ezin dugu baimendu haien oinordekoek halakorik egitea». Feijooren iritziz, «sumingarria» da Espainiako Gobernuak EH Bildurekin akordioak erdiestea: «Sumindu eta asaldatu egiten gaitu gobernu demokratiko batek hori sustatu eta hitzartzeak. Baldintza hauekin ez da memoria eta ez da demokratikoa, gure demokraziako pasarte lotsagarria baizik».

Feijook hitza hartu aurretik, ideia berbera azpimarratu zuen Aznarrek. Ohartarazi zuen «hiltzaileen koma bat bera ere» ez dela onargarria memoriaren proiektuan, eta salatu PSOEk «historia manipulatzea» onartu duela, EH Bildurekin ituna lortuta. «Gure artean dira krimen hura justifikatu eta iragarri zutenak, mehatxu egin zutenak eta hiltzera animatzen zutenak. Demokraziaren oinarrizko balioen suntsitzaile den politika batean, baimendu egiten zaie historia manipulatzea eta berridaztea, heroismoz protagonista izan zirenak irainduta».

Mezu eta tonu berberak erabili zituen Iturgaitzek ere. Haren ustez, «immorala eta lotsagarria» da Pedro Sanchezek EH Bildu bidelagun aukeratu izana: «PSOE eta PP heriotza korridore berean geunden, ETAk hiltzen gintuen, eta orain hilketa horiek txalotzen eta antolatzen zituztenekin negoziatzen eta akordioak egiten dituzte».

«Ermuko izpiritua»

Miguel Angel Blancoren memoria ere gogoan izan zuten atzo. Aznarrek gogora ekarri zuen PPren zinegotzi zena, eta «etorkizuneko erreferentetzat» jo zuen. Iturgaitzek erantsi zuen Blancoren hilketaren ostean sortutako «Ermuko izpiritua» Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko zinegotziek gorpuzten dutela: «Euskadiko PPko kargudunok askatasunaren borrokalarien infanteria osatzen dugu; indarrean den ordenaren, konstituzioaren, Euskadiren eta Espainiaren aldeko defendatzaileak gara, eta horregatik ETAk akabatu nahi gintuen». Salatu zuen Blancoren hilketatik 25 urte igarota oraindik «bizikidetza» ez dela osorik lortu.

Miguel Angel Blancoren aldeko ekitaldi nagusia gaur egingo dute Ermuan; estatu omenaldia izango da, eta han izango dira, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Felipe VI.a Espainiako erregea. Gaurko ekitaldia izan zuen gogoan atzo Mari Mar Blancok, eta Sanchezi eskatu zion «ausarta» izateko eta hitzordua baliatzeko EH Bildurekin duen lotura apurtzeko. «Terroristak bakartzea ahalbidetu zuen batasun politikoa» berreskuratzeko deia egin zuen Blancok, eta Memoria Demokratikoaren Legeari aipamen eginez eskatu zuen «istorio faltsuek» tokirik ez izateko bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.