Maite Asensio Lozano.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ANALISIA

Boto eskubidea pandemian

2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gaurko bozetarako deia egin zenetik, hauteskunde egunean izango zen osasun egoerak zalantza ugari eragin ditu. Prozesuan aurrera jarraitu ahal izango zen beste itxialdi bat ezarriz gero? Agerraldi handirik gertatzen bazen, nola bozkatuko zuen jendeak? Galdera horietako erantzun batzuk argitu egin ditu Ordiziako fokuak. Eta konponbidea sinplea izan da: berriki COVID-19an positibo eman dutenek etxean egon behar dutenez, ezingo dira bozkalekura atera. Pertsona horiek botoa emateko beste prozedurarik ez du inork abiatu, eta, beraz, haien boto eskubidea sakrifikatzera —eta kriminalizatzera— jo da.

Egia da, halere, halako egoerak ez direla guztiz berriak: hauteskunde guztietan geratzen dira ehunka herritar botoa eman ezinda arrazoi soziosanitarioengatik, bai gaixo daudelako, bai mugitzeko arazoak dituztelako eta etxetik ateratzeko laguntzarik ez dutelako. Zalaparta handia sortu du Ordiziako agerraldiaren ondorioz boto eskubidea kolokan duten ehunka lagunen egoerak, baina kopuruetan gehiago dira, adibidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan daudenak. Orain arte eta oraindik ere horien boto eskubideari ez erreparatu izanak adierazten du egoera «normalizatuetatik» zein urrun geratzen den gizakion zaurgarritasuna, eta zein periferikotzat hartzen diren zaintza premia azaleratzen duten egoerak.

Kontua da bozak pandemia baten erdian antolatzeak berekin ekarri beharko lukeela halako agerraldiak aurreikustea —are, maiatzetik jakina izanik eragotzi ezinezkoak direla—, eta garaiz pentsatzea zein mekanismoren bidez bidera zitekeen etxean bakartuta dauden herritarrek botoa eman ahal izatea. Egin zitekeen notarioen laguntzaz, posta bidezko botoaren antzeko sistema batekin —azaroko hauteskundeetan Katalunian zeuden poliziekin abiatutakoaren gisakoa—, hautetsontziak etxeetara hurbiltzeko prozedura bat asmatuz, edo beste hamaika modutara. Baina bat bera ere ez da jarri hauteskundeak antolatzeaz arduratzen direnen mahai gainean. Hartara, agerraldien arriskua kontuan ez hartzea utzikeriatzat edo arduragabekeriatzat har daiteke, fede ariketatzat baino gehiago.

Bozkatzeko garai onena ote den galdetzeko unea ere izan daiteke, Nerea Azurmendi kazetariak ostiralean Euskadi Irratian eginiko gogoetaren ildotik: abagune guztiz ezezaguna da agerraldi berriena, eta gobernuek zein herritarrek eginez ikasiko dute fokuak nola kudeatu. Bozak irailean egin izan balira, ezagutza handiagoa legoke, baina oraingoa esperimentazio fasea da... eta egunetik egunera sorburu berriak pizten ari diren honetan daude herritarrak deituta botoa ematera. Egoera kontrolpean dutela irudikatzen tematu dira agintariak, ziurtasun guztien jabe balira bezala, zintzotasunez aitortu ordez pandemiak ekarriko dituen hainbat arazotarako erantzunik ez dutela —ez duela inork—. Askitasunaren performance horrek boto eskubidearen unibertsaltasuna dudan jartzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.