Koronabirusa

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre Irati Urdalleta Lete
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak ez zuela bete lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia koronabirusaren osasun krisian. Hori ziurtatu du ESK sindikatuak —haiek jarri zuten salaketa—, eta erantsi du, ebazpenaren arabera, nork bere burua babesteko ekipamendurik ez izateak «lan arrisku larria eta berehalakoa» eragin zuela langileen osasunari dagokionez.

Sindikatuak eskatu du Osakidetzako Zuzendaritzak eta Osasun sailburu Nekane Murgak «beren erantzukizunak beren gain har ditzatela eta dimisioa aurkez dezatela». Sindikatuak zera ere nabarmendu du: «Azken hilabeteetan egin duten kudeaketa tamalgarriaren ondorioz, Osakidetzako langileen eta bertaratzen diren herritarren osasuna arriskuan jarri dute».

ESK sindikatuak salaketan zehaztu zuenez, norbera babesteko ekipamenduak falta ziren, babes materiala erabiltzeko protokoloak ez ziren betetzen, eta langileei ez zieten egin koronabirusa detektatzeko probarik. Ekainaren 16an egin zuten epaiketa.

Epaian jasotzen denez, maskarei eta mantalei dagokienez, horiek berriz erabiltzeak erabiltzaileentzat eta gaixoentzat izan zitzakeen infekzio arrisku posible- ak alde batera uztea egotzi dio.

Osakidetzaren iritzia, berriz, bestelakoa da. «Ontzat» jo du sententzia, sindikatuen eskaera gehienak aintzat hartzen ez dituelakoan. Azaldu dutenez, epaiak dio norbera babesteko ekipamenduen falta «puntuala eta mugatua» izan zela.

Itzulerarekin desados

Osasungintzan ez ezik, hezkuntzan ere badaude gorabeherak. Nafarroan hezkuntzan diharduten sindikatuek —LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT eta SEPNA— ez dute bat egiten Nafarroako Gobernuak ikasgeletara itzultzeko egindako planarekin, eta ohartarazi dute mobilizazioak egingo dituztela datorren ikasturteari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.