Aitziber Laskibar Lizarribar.
ANALISIA

Berriz Europa

2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Espetxe politika bat eta bakarra dugu eta ez dugu presoen araberako bereizketarik egitenĀ». Esan beharrik gabeko baieztapena behar lukeen arren, horixe adierazi du aste honetan Francois Hollande Frantziako gobernuburuak euskal presoen inguruan. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin bildu ondoren egin ditu adierazpenak.

Hainbat interpretazio etorri dira atzetik. Askotarikoak. Kontrajarriak ere bai. Nork bere hipotesiak egin ditu, ilunpean izaten ari diren bileretatik zer etor daitekeen asmatu nahian. Rajoyren jarrerari buruzko zalantzarik ez dago: Euskal presoen aurka ahalik eta gogorren arituko da, nazioarteko arauei izkin egin behar badie ere. Horretan ari da.

Aste honetan bertan ikusi da azken adibidea. Europak 2008an presoen espetxealdiak behar baino gehiago ez luzatzeko hartu zuen erabakia gauzatzerakoan, tranpa egin du. Lau urte geroago bihurtu du lege, eta gainera, zilegi ez den eran. Euskal presoak salbuespenen zakuan sartu ditu, beste behin. Formula nahasi bat asmatuta, eragotzi egingo die Frantzian betetako espetxe zigorrak Espainiakoei gutxitzea. Are; legea bera indarrean egon gabe saiatu da salbuespena praktikan jartzen.

Arlo juridikoan ere eragin du zalaparta. Zigorrak batzeko eskaera aurrez egina zutenei errespetatzearen aldekoak dira batzuk; hori ere ez betetzearen aldekoak, besteak. Auzitegi Gorenak zehaztu beharko du irizpidea, eta hilaren 16an bilduko da hartarako.

197/2006 doktrina ezarrita euskal presoei espetxealdia urte asko luzatu zien auzia dakar gogora egoerak. Orduan Estrasburgok emana zuen presoak askatzeko agindua, eta agindu hori saihesten saiatzekoa izan zen ahalegina. Orain desberdina da egoera, baina Estrasburgok beste behin Espainiako auzitegiei sinesgarritasuna kendu eta presoei arrazoi ematea kolpea litzateke.

Edozein kasutan, zalantza gehiago eragiten ditu Espainiak Frantziarekin irekia duen beste gaiak. Presoen hizkuntza eta kultura eskubideak errespetatzeko eta haien inguru sozialetik gertu egonda gizarteratzea errazteko Europak onartu zuen beste erabaki esparrua esku artean dute bi estatuek. Irizpidea presoaren hobe beharrean pentsatua denez, presoaren beraren oniritzia behar zen, orain arte, horretarako. Baina Espainia hori gainditu nahian dabil. Frantziak euskal presoak Espainiako kartzeletara igortzea nahi du. Aldi berean, sakabanaketa mantenduko duela iragarria du.

Bi burutazio eragin diezaizkioke eskaintzak Frantziari: batetik, presoak Espainiaren esku utzita, euskal gatazkatik kanpo kokatuko luke bere burua, beti egin nahi izan duen bezala. Baina, bestetik, Frantziak ez du Espainiak bezain erraz irensten eskubide urratzaile irudia. Prest egongo da Espainiaren eskutik Europari iseka egin eta bere izen ona galtzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.