Lander Unzueta Lekerikabeaskoa.
IRITZIA-Euskaraldian Berria bizi

Euskarazko pixelen bila

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun

Aurrekoan sarean bueltaka nenbilela, ostalariei zuzendutako 1974ko iragarki batekin topo egin nuen. Bertan, historiako bideo-jokorik ezagunenetako bat iragartzen zuen Bilbon, Donostian eta Noainen saltokiak zituen enpresa batek: Pong zen, hain zuzen ere, iragarkian azaldutakoa. Ia bost hamarkada igaro dira harrezkero, eta bideo-jokoen munduak izugarrizko eraldaketak jasan ditu urte luze horietan. Esan beharrik ez dago jokalarien kopurua nabarmen hazi dela; industria ia ezezaguna zen lehen, baina egunerokoan erabiltzen ditugun gailuekin jokatzera igaro gara urte gutxi batzuetan. Horri doako jokoen eroaldia gehituta, azkenean gaur egun oso gutxi dira Among Us edota Fortnite bezalako bideo-jokoak ezagutzen ez dituztenak.

 

Bideo-jokoak gure gizartearekin bat egiteko heldu ziren. Eta, halere, euskaraz hitz egiten dugunontzat urrun geratzen diren bi esparru izan ohi dira. Ingelesa nagusi den industrian, bideo-joko handienak hizkuntza gutxi batzuetara itzulita ikusten ditugu. Zer esanik ez dago euskarari buruz aritzean: ez da erraza euskaraz bizi nahi izatea eta bideo-jokoen zalea izatea.

Baina azken urteotan hori aldatuz joan da. Gero eta zale gehiago dira beren jokorik gustukoenak euskaratzeko lana hartzen dutenak: Super Mario Bros, Minecraft eta The Legend of Zelda jokoetan, esaterako, gure hizkuntzan jokatzeko aukera daukagu, euskal bideo-jokalarien komunitatea eratzen dutenei esker. Japoniako edo AEBetako enpresek garatutako jokoak ez, baina euskal garatzaileek sortutako obrak ofizialki euskaratuta argitaratzen ikusi ditugu. Errenteriako 3DNews TV garatzaileak gazteen artean euskara sustatzeko egindako hiru joko izan ziren hori egin zuten lehenak, baina ordudanik Aliceren ibaiak, Sorginen kondaira, Submersed, Batu ta Batu eta beste joko askotan euskara hutsean jokatu ahal dugu.

Jokoei buruz berba egitean, nahitaezkoa da streamer-ak aipatzea: gero eta gehiago dira jokatzen ari direla norbere burua grabatzen duten erabiltzaileak. Euskal hiztunak ere ikus daitezke horretan, eta Twitch moduko plataformekin zuzenekoak sortzeari ekin diote. Horrela, jokozaleek eratutako komunitate desberdinak elkar elikatuz doaz, baita euskaldunen artean ere.

Agerikoa da, beraz, euskaldunontzako ere badagoela lekutxo bat mundu aldakor honetan. Baina are bistakoagoa da, txoko horren zabalkundea eman dadin enpresa eta garatzaileak ezinbestekoak diren arren, zaletasun hau euskaraz gozatzeko bidea jokalariok eraiki behar dugula. Bideari ekin diogu jada, eta elkarrekin haziz goaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.