Inigo Astiz
Durangoko 56. Azoka. TXANDA HARTUTA

Bazterkinak

2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ikusten dugun pelikula bakoitzaren azpian, ikusten ez dugun beste film oso bat egoten dela dio Andy Warhol artistak, Andy Warholen filosofia Atik Bra (eta atzera berriz) liburuan. Eta hori frogatzeko deskribatzen du igerilekura alderdi guztietatik aldi berean jauzi egiten duten igerilariz betetako antzinako film horietako bat.

«Esther Williamsen pelikula zahar bat ikusten dudanean, eta ehun neskak, ilaran, igerilekura jauzi egiten dutenean, beti pentsatzen dut nolakoak izango ote ziren entseguak eta zenbat hartualdi egongo diren, akaso, une egokian jauzi egiteko adorerik bildu ez duen neska batekin, eta orduangogoratzen naiz neska hori tranpolinean erakusten duen ebakitako hartualdiarekin. Eta, hortaz, nola bilakatu zen hartualdi hori soberakin bat muntatze gelako lurrean —ebaki bat— eta seguruenik une hartan neska bera ere nola pasatu zen soberakin bat izatera —beharbada, kaleratu egingo zutelako—, eta perfektu joan zen benetako eszena baino askoz ere dibertigarriagoa iruditzen zait eszena oso hori, zeinean jauzi egin ez zuen neska hori baita moztutako pelikula horretako izarra».

Eta gogoratu dut pasarte hori, badakidalako egunotan Durangon ikusten ari garen azokaren azpian ere badaudela, gutxienez, bertan behera geratu diren beste hiru edo lau azoka posible, osasun larrialdiaren ondorioz. Agian hobeak, agian okerragoak. Bazterkinak guztiak.

Zabaltzen dugun azokaren irudi bakoitzak darama itzalean beste bat.

Erakutsi dugu azoka bete xamar egon den tartea, esaterako. Ez dugu erakutsi azoka erabat hutsik uzten duen ordu erdiko tartea. Erakutsi ditugu aurtengo nobedadeak. Ez dugu erakutsi haietaraino iritsi arterainoko lana. Erakutsi ditugu salmahaiak. Ez dugu erakutsi egunero bertan egoteko sortzaileek eta argitaratzaileek egiten dituzten lanorduak. Erakutsi ditugu ume eta gazteak erakusmahaira burua gerturatzen. Ez dugu erakutsi emakume bat, zutik, euriaz babesteko, eskaileretan negarrez ari zen umeari titia ematen.

Erakutsi dugu. Eta ez dugu erakutsi. Beti bezala.

Jendea hemen lanean aritu ahal izan dadin, bere sormen lanak erakusten, gehienetan doan, kulturaren alde, beste jende bat ere aritu delako lanean beste nonbait, gehienetan doan, planotik kanpo. Eta hori ere erakustera iritsi behar genuke inoiz.

Baina erakutsi ez ditugun guztien artean, badut bat kuttuna, eta langile bat da, Landako guneko zalapartaren bazterrean, eskaileren azpian ezkutatutako zama altxatzeko makinan eserita, liburu bat irakurtzen, isilik, lasai,eta ia-ia erabat oharkabe. Horretan baino ez, irakurtzen. Durangoko Azokan. Hori da moztutako pelikulako aurtengo nire izarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.