begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'Araneae Aranea', 'Spider', armiarma

2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Maite ditugu gutako batzuok armiarmak, Lycosa tarentula-k barne, jakina. Laket ditugu misteriotsuak direlako. Haragijaleak direlako. Munstro bilakatzeko duten abileziagatik. Maite ditugu arriskutsuak izan daitezkeelako. Beldurgarriak. Maite ditugu zoliak izaten badakitelako. Jostun miresgarriak direlako; Ariadnak berak ere ezingo lituzke haien sareak ez berdindu, ez gainditu. Maite ditugu, denbora existitzen ez zen denboran, Lurra nahas-mahas hutsa zenean eta leize handiaren gainean ilunpea baino ez zelarik, Zodiakoak hamahiru zeinu zituelako, eta hamahirugarrena aramuarena zelako. Armiarmak, baina, beste guztiak (bai bikiak, bai karramarroa, bai dontzeila lehoia) beldurtu zituen, eta haiek (Zezena, Aharia, Ahuntza, Arraina eta besteak),bat eginik, matxinatu ziren, eta amaierarik ez zuen gau hartan existitzen ez zen zerutik behera bota zuten araknidoa. Budisten Wuyku horoskopoan, aldiz, irmo dirau, inurriarekin, eskorpioiarekin eta dortokarekin batera, bera manipulatzailearen isla izanik...

Maite ditugu armiarmak ehiztari finak direlako. Katuak baino maltzurragoak ere bai. Elikatuko dituen biktima zizpuru bat dirudien hari batez xuabe-xuabe biltzen dutelako.

Maite ditugu araknidoak jarraian doazkizuen zinema pusken aurrean belauniko jarri izan garelako maiz: 1955eko Jack Arnolden Tarantula, 1976ko Bill Rebaneren The Giant Spider Invasion, 1990eko Frank Marshallen Arachnophobia (Delena Cancerides espezieko benetako 400 armiarma ziren bertan izar), 2001eko Jack Sholderren Arachnid (ez da batere ona, 500.000 dolar baino ez zituzten gastatu ekoizpenean, baina bertako munstroak merezi du, benetan), 2002ko Arac Attack (Ellory Elkayem izan zen 30 milioi dolarreko ekoizpen honen zuzendaria eta hortik zebilen, armiarmengandik ihes zoroan, gazte-gazte zen Scarlett Johansson)...

Gutako batzuok (arraroetan, xelebreetan akaso arraroenok, xelebreenok) maite ditugu armiarmak superheroien artean makarroiena den Spider-Man existitzen delako. Komikietan, telebistan, pelikuletan. Istorioa badakizue, ederki asko jakin ere. Brooklyn auzoko Peter Parker mutikoari kosk egin zion armiarma erradioaktibo batek, eta... Primeran dakizue, buruz kasik, jarraipena.

Maite ditugu armiarmak egun gure Euskal Herriko areto kasik guzti-guzti-guztietan den animaziozko Spider-Man: Across the Spider-Verse parekorik ez duen filma delako. Ez dizuet esango, sekula ez, inoiz ez, ezta pentsatu ere, Dragoi Bolarekin, Chihirorekin, Porco Rossorekin, gure auzoko Totororekin, Dumborekin, Jack Skellingtonekin, Addams familiarekin, Suzumerekin edo Aita Zonbiarekin ahazteko. Ezta Orkestra Lurtarrarekin ere. Edo Black is Beltza-rekin. Ez dizuet hori ez esaten, ez esango. Aldiz, zera diotsuet: ez egin iskin Doraemoni edo Shin Chani. Ez Blackieri, ez Kanutori. Ez, ez bailitzateke gizalegea izango, nahiz eta egun (bihar igual ez), Spider-Man horien guztien gainetik izan (ia).

Benetan diotsuet, gure etxe ondo-ondoko areto guztietan den film horrek eskura izan duen tresneria ezin hobeki erabili izan du zinema gertari markaz fuerakoa osatzeko. Bai tramankulu digitalak, bai eskuzkoak. Bai dohainez beteriko gizaki batzuen adimena, bai gizaki horien bihurrikerietarako joera.

Ederki asko sakondu dute komikien lengoaian, eta primeran (eta ez, prexixo, segundako tiketarekin) zinemaratu, komikiek berezko dituzten harridura markak, mugimendudunak diruditen geziak, tximistak, interjekzioak, hamaika koloretako bunbuiloak abileziaz, dotoreziaz eta ganberro puntu majo batez pantailaratuz.

Maite ditugu batzuok armiarmak. Eta ez bakarrik komentatzen ari garen filmaren aurrekoak (Spider-Man: Into the Spider-Verse-k) eskuragai ziren sari guztiak (animaziozko Anniea, animaziozko Oscarra, animaziozko Urrezko Globoa...) irabazi zituelako, baizik eta (eta baita ere) ausarta delako gure munduarekiko hartutako giza-gizarte konpromisoa. Adio, betiko, ile horiko eta azal zuriko superheroi antigoaleko horiei. Gaurkoak ostadarrean agertzen diren kolore guztietakoak dira, eta multibertsoan dauden eta aurrerantzean, ziurrenik, izango diren etorki oro islatzen dituzte.

Jatorrizko bertsioan entzunez gero, hemen eta han mintzatzen diren hamaika hizkuntza adituko dituzue. Zaharkiturik geratuko zaizue Spider-Man esamoldea. Hemendik aurrera, esan, esan beharko duzue Spider-Woman, Spider-Boy, Spider-Girl. Eta zin degizuet ez dela rainbowwashing ziztrina. Eta ez, ez da mezukeria tontoa. Ez, badira, bagara, eta zinema, ispilu da. Maite ditugu bai, batzuok, armiarmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.