Espainia. Azaroaren 10eko hauteskundeak

EAJk berretsi ditu apirilean aurkezturiko zerrendak azaroko bozetarako ere

Jeltzaleen Aberri Batzarrak aho batez hartu du erabakia. EH Bilduk gaur emango du erabakiaren berri; zerrendak berrestea da aukera nagusia

Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburua, apirileko hauteskunde kanpainan egindako ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ez da ezustekorik izan, eta, espero bezala, EAJren Aberri Batzarrak onartu du EEB Euzkadi Buru Batzarrak egindako proposamena: azaroaren 10eko hauteskundeetan berriro aurkeztea apirilaren 28an aurkeztu zituzten zerrenda berberak. Hortaz, Aitor Esteban izango da Bizkaiko zerrendaburua Espainiako Kongresurako, Mikel Legarda Arabakoa eta Joseba Agirretxea Gipuzkoakoa.

EBBko idazkari Mireia Zaratek azaldu duenez, erabakia «aho batez» hartu du Aberri Batzarrak. «Gurean, alderdikide guztiek dute barne mailako zein kargu publikoetarako hautagaiak proposatzeko eta aukeratzeko eskumena», azaldu du, «baina kasu honetan salbuespen egoera batean gaude, hauteskundeak errepikatuko direlako eta denborarik ez dagoelako barne prozesu osoa egiteko».

Hortaz, berriro ere hautagaiak aukeratzeko prozesu osoa abian jarri beharrean, apirilaren 28ko hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak berrestea erabaki dute. «Kontuan hartu behar da zazpi hilabete baino ez direla igaro aurreko hauteskundeetatik, eta hautagaiak aldatzea gomendatzen digun ezer ez dela gertatu denbora tarte horretan», esan du Zaratek. Gainera, gogora ekarri du EAJren zerrenda horiek jaso zutela boto gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Badakigu zerrenda horiek euskal gizartearen bermea daukatela».

Egoerak badu aurrekari bat, 2015-2016an ere errepikatu zirelako Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Orduan ere, EAJk erabaki zuen hautagaiak aukeratzeko prozesu guztia bigarren aldiz ez egitea, eta abenduaren 20ko bozetarako aurkezturiko zerrendak berretsi egin zituzten ekainaren 26ko hauteskundeetarako ere.

EH Bilduren Mahai Politikoa

EH Bilduk, berriz, Mahai Politikoaren bilera izan zuen atzo, eta aurreikusita zegoen han zehaztuko zela zein izango zen azaroaren 10eko zerrendak osatzekoprozesua. Seguru asko, koalizioak gaur emango du prozesu horren berri.

EH Bildun ere apirileko zerrendak berrestearen aldekoa da iritzi nagusia. Hori gauzatuko balitz, Iñaki Ruiz de Pinedo izango litzateke berriro Kongresurako zerrendaburua Araban, Oskar Matute Bizkaian, Mertxe Aizpurua Gipuzkoan eta Bel Pozueta Nafarroan, prozesuaren inguruko azken hitza militanteek izango duten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.