Edurne Begiristain.
Koronabirusa. Jon Arana. Psikopedagogoa

«Umearen benetako nahia lagunekin jolastea da»

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ume guztiek dute kalera ateratzeko beharra, baina etxe barruko egoerak baldintzatu egiten ditu batzuen eta besteen premiak, Jon Arana psikopedagogoaren ustez (Bilbo, 1962).

Kalera ordubetez irten ahal dira umeak Hegoaldean.

Egoera normalizatzeko pauso bat da: urrats txiki bat da; ez da nahikoa, baina egokia dela esango nuke. Orain, beste edozein kontsiderazioen gainetik, izurritea gelditzea da lehentasuna. Hortaz, teknikari epidemiologoen gomendioei jarraitzea besterik ez dago, nahiz eta haiek ere ez dituzten gauzak erabat argi.

Zer garrantzi du haur batentzat halako egoera batean kalera ateratzeak?

Gai honekin ezusteko bat hartu dugu: haur batzuek ez dute kalera atera nahi. Edo, gutxienez, ez dute irrika handiz hartu berria. Adituen ustez —eta ni ados nago—, bi izan daitezke arrazoiak. Batetik, haurrek informazio objektiboen bidez zerbait bete ezin dutenean, fantasiaz betetzen dute, eta fantasia horiek inkontzienteak dira gehienak. Eta, bestetik, orain ñabardura beldurgarri bat daukate: ezin dira kalera atera, gaixotasun bat dagoelako eta arriskutsua delako. Orduan, etxea beti izan bada gotorleku atsegina, orain areagotu egin da haren izaera babesgarria. Etxean seguru sentitzen dira; kalean, ordea, ez hainbeste. Gainera, kalera ateratzeko aukera dago, baina ez lagunekin jolasteko. Eta horixe da umearen benetako, sakoneko, gogoa. Eta badaki gehiago itxaron behar duela.

Ordubeteko paseoa da; lagunekin ezin dira egon; parkeetara ezin dira joan... Horrek eragina izan dezake umeen emozioetan eta garapenean?

Paseo batek ez du gauza handirik konponduko, eta ondorioak aurrerago ikusiko ditugu. Ezberdinak izango dira aldagaien arabera: etxeko baldintza onak eta gurasoen umore egokia izan dute- nek eragin txikia sumatuko dute, eta arin gaindituko dute, baina nekezagoa izango da halakorik izan ez dutenentzat. Gainera, ume guztiek ez daukate abiapuntu bera: batzuek zamak zituzten egoera hau hasi aurretik.

Umeek mugimendua behar dute, kontaktua izan… Egoera honetan, haurrek zer premia nagusi dituzte urratuak?

Analisi on bat egiteko, aldagai ugari hartu behar dira kontuan. Besteak beste, haurren adina, etxearen ezaugarri fisikoak, etxean bizi direnen kopurua, etxearen hornidura eta baliabideak (jostailuak, gailu elektronikoak...). Eta, nire ustez, guztien gainetik, gurasoen izaera eta egoera animikoa daude. Haien lan egoerak, egoera ekonomikoak, psikologikoak eta abarrek asko baldintzatuko dute haurrek egoera honetan izango duten erantzuna. Gainera, egoera larregi luzatzeak ondorioak izango ditu familiengan. Ume batzuk urduritzen hasita daude; lo egiteko zailtasunak agertu dira; baten bat txiza egiten hasi da; somatizazio txiki batzuk ikusi dira; kasketaldiak...

Adin bakoitzak behar espezifikoak izango ditu, ezta?

Hiru urtetik aurrerako haurrei kalte gehien egiten diena jolasteko aukera murriztea da. Luzea litzateke azaltzea noraino den inportantea jolasaren beharra, baina, laburki esateko, jolasaren askotariko funtzioen artean bat aipatuko dut: jolasak oreka psikologikoa mantentzen laguntzen dio haurrari.

Etxean bizi diren helduek zerbait egin dezakete umeen behar horiek ahal den neurrian asetzeko?

Helduok asko egin ahal dugu haurren ondoeza arintzeko. Edozeren aurretik, osasuna lehenetsi behar dugu, fisikoa eta psikologikoa. Eskolako lanen garrantzia bigarren mailakoa da, tentsioak murriztea baita garrantzitsuena. Errutinak inportanteak dira, baina salbuespenak egitea eta diziplina arintzea ere bai, kasu batzuetan. Helduok umea lagundu ahal dugu esplorazio eta ikasketa oso interesgarriak egiten. Umorea eta komunikazioa mantentzen saiatu behar dugu.

14 urtetik gorakoekin zer gertatzen da? Haien beharrak ahaztu direla ematen du.

Haiekin etxean aritzea zailagoa izan daiteke. Nerabeak gurasoengandik distantzia hartzen hasita daude, eta lagun taldera hurbiltzen. Nerabeek kontaktu handia behar dute lagunekin, eta denbora oso astiro pasatzen zaie; aspertu egiten dira. Lehoi bat kaiolan sartuta edukitzea bezalakoa da. Betiere kontuan hartuta alde handiak egon daitezkeela gazteen artean: badaude batzuk nahiko ondo konpentsa dezaketenak, irakurketaren, musikaren eta sormenaren bidez. Kirolariek, berriz, gehiago sufrituko dute. Telefonoak eta bideo deiak lanabes onak izan daitezke.

Nola azaldu behar zaio gertatzen ari dena haur bati?

Moldatuz joan beharko dugu bakoitzaren ulermen mailara. Hasi behar dugu azalpen sinpleak emanez eta beren galderen zain egonez. Baina kontuan hartu umeen galderak ez direla zertan hasieran agertu. Batzuetan, umeen informazio eskakizunetan beldurraren aztarna ikusi ahal dugu, eta, orduan, lasaitu egin beharko ditugu: kalea ez da arriskutsua; familiakoei ez zaie ezer gertatuko; eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.