Saenz de Santamaria eta Casado lehiatuko dira PPko buru izateko

Erredakzioa
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Soraya Saenz de Santamariak eta Pablo Casadok lortu dute afiliatuen artean babes gehien primarioetako lehen itzulian. Espainiako alderdiaren presidente berria aukeratzeko barne hauteskundeen lehen itzulia egin zuen PPk atzo; sei hautagai zituzten afiliatuek aukeran. Lehia estua izan zen bi hautagai nagusien artean; behin-behineko emaitzen arabera, 21.500 boto inguru bildu ditu Saenz de Santamariak (%37), eta 19.900 Casadok (%34). Maria Dolores de Cospedal alderdiaren egungo idazkari nagusia hirugarren postuan geratu zen, 15.000 boto ingururekin (%26).

Ez Saenz de Santamariak, ez Casadok dute lortu, edozein moduz, botoen %50 baino gehiago eskuratzea, eta bigarren itzulia egin beharko du alderdiak, presidentea hautatzeko. Uztailaren 20an eta 21ean izango da bozketa hori, PPk Madrilen egingo duen ezohiko kongresuan. Ordezkari hautesleek aukeratuko dute alderdiaren presidente berria.

Lehendabiziko botoek Casadori eman zioten garaipena, zenbaketaren hasieran, baina Andaluziako botoek Saenz de Santamariaren aldera irauli zuten balantza, eta azkenean bera izan da boto gehien bildu dituena. Alderdiak lehen aldiz egin ditu primarioak, eta 66.706 afiliatuk eman zuten izena parte hartzeko —erroldaren %7,6 soilik—; azkenean, horietatik %80k eman dute botoa.

Irregulartasun salaketak ere izan ziren atzo. Cospedalek iragarri zuen emaitzak inpugnatuko dituela, Casadoren taldeak bozkatzaileak «presionatu» dituelako Bartzelonan. Casadok, berriz, Cospedalen taldeari egotzi dizkio irregulartasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.