EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Politikariak, erdaraz txioka

Euskal Herriko arduradun politiko nagusiek aste honetan Twitterren argitaratu dituzten txioetan zer hizkuntza erabili duten behatu du BERRIAk. Gehienak erdaraz aritzen dira, eta abertzaleek txiokatu dute gehien euskaraz.

Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ordezkari politikoen jarduna ez da mugatzen hedabideetan dituzten agerraldietara edo parlamentuetako hitzaldietara. Gutxi edo asko, baina sare sozialetan ere aritzen dira gehienak. BERRIAk Euskal Herriko alderdi politiko nagusietako arduradunen Twitter kontuetako euskararen erabilera neurtu du, Euskaraldian zenbateko presentzia duen jakiteko. Astelehenetik ostiralera arteko txioak hartu dira kontuan.

Euskal Herriko bi alderdi nagusietako arduradunen kasuan, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak aste honetan ez du txiorik idatzi, baina 27 birtxio egin ditu, eta horietatik lau baino ez dira euskaraz izan. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak sei txio idatzi ditu, eta horietatik bakarra izan da euskara hutsean. Beste bat euskaraz eta gazteleraz idatzi du, ele bitan.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, ordea, hirutatik ez du euskarazko txiorik idatzi, Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidentearen bide beretik: haren lau txioak gaztelerazkoak izan dira. Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ko buruak sei txiotatik lau ele bitan argitaratu ditu, eta bat euskara hutsean. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, bederatzi txiotatik lau euskaraz idatzi ditu.

Begirada Nafarroako alderdietako arduradun politikoetan jarriz gero, euskararen presentzia eskasa izan da. Javier Esparza UPNko presidenteak, Maria Txibite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako lehendakariak eta Marisa Simon Ezkerrako buruak ez dute euskarazko ezer argitaratu. Eduardo Santos Ahal Dugu-ko buruak bost txiotatik bakarra du, eta Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen kontua geldirik egon da aste honetan

Iparraldeko politikariek ez dute sare sozial hori usu erabiltzen. Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak aste honetan ez du ezer idatzi, baina euskara erabiltzen du, eta berdin Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Max Brisson senatariak edo Frederic Espagnac PSko diputatuek ez dute euskararik erabili euren txioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.