Hauteskundeak Mexikon

Aldaketa baten aukera, ate joka

Lopez Obrador ezkertiarra da faborito Mexikoko presidentetzarako hauteskundeak irabazteko datorren igandean. Lana, ustelkeria eta indarkeria izan dira kanpainako eztabaidagai nagusiak

Aldaketa baten aukera, ate joka.
Mexiko Hiria
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Mexiko demokratizatzeko prozesua luzaroko prozesu bat izan da, eta oraindik ez da guztiz sendotu. Zaila da erreferentziazko urte edo gertakari bat zehaztea herrialdea demokratizatzeko prozesuaren hasiera gisa. Adituen esanei jarraikiz, 1968. urtea jotzen da PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren erregimenaren gainbeheraren hasieratzat, urte hartan zenbait ikasle mobilizazio izan baitziren, zeinak Tlatelolcoko sarraskiarekin bururatu ziren, urte hartako urriaren 2an. Beste zenbaiten ustez, prozesua 2000. urtean hasi zen, PAN Ekintza Nazionala Alderdiak bozak irabazi zituenean, Vicente Fox buru zuela; hala, hura izan zen 72 urtean PRI alderdikoa ez zen lehen Mexikoko presidentea. Edonola ere, Mexiko demokratizatzeko prozesuak badirau azken urteotan: hauteskundeak normal egin dira, eta alderdiak txandakatu, sakonean demokraziarik sendotu gabe. Datorren igandeko hauteskundeetan, ordea, aldaketa handi bat gertatu daiteke, inkestetan agertu dena bete, eta Andres Manuel Lopez Obrador ezkertiarrak presidentetza eskuratzen badu.

Oraingo boz hauetan, hainbat egoerak baldintzatzen dute koiuntura. Enrique Peña Nieto buru duen gobernuaren porrotak etsita dauzka herritarrak, haren politikek erregimenaren gidalerroei segitzen diete eta; era berean, herritarrak politikariez gogaituta daude, bai eta hauteskundeetara deitzen denean hiru eta sei urtean behin egiten dituzten promesez ere.

Lau hautagaik parte hartu dute hauteskundeotan: batetik, Ricardo Anaya Cortes, Por Mexico al Frente koalizioaren burua; koalizio horretan daude PAN, PRD Iraultza Demokratikorako Alderdia eta MC Herritarren Mugimendua. Bestalde, Lopez Obrador, Juntos Haremos Historia koaliziokoa, Nazioa Onbideratzeko Mugimenduak (Morena), PES Topagune Sozial Alderdiak eta PT Lanaren Alderdiak osatua. Halaber, Todos por Mexico koalizioak Peña Nietoren ogasun eta kreditu publikoko idazkari ohia du buru: Jose Antonio Meade Kuribreña. Koalizio horretan daude PRI, Alderdi Berdea eta PANAL Aliantza Berria Alderdia. Azkenik, Jaime Rodriguez Calderon El Bronco (zakarra) dugu, iparraldeko Nuevo Leon estatuko gobernadorea: lehen gobernadorea da inongo alderdi politikoren babesik gabe izendatzen dutena, eta bide horretatik heldu nahi dio presidentetzari.

Formalki, apirilean hasi zen hauteskunde kanpaina. Harrezkero, lau hautagaiek hiru eztabaida izan dituzte, herrialdeko hainbat herritan izan dira, eta argi dago zer ikusiko zuten: Mexiko arrakala eta desberdinkeria sakonak dituen herrialdea da.

1980ko eta 90eko politika neoliberalen ondorio da Mexiko, eta gaur egun oinarrizko gabeziak dauzka, bai eta herrialde garatuei dagozkien aberastasunak ere. Promes ugari entzuten dira bozetara deitzen duten bakoitzean: bizi baldintzak hobetuko dituztela, osasun eta hezkuntza zerbitzuak eskuragarri izango direla eta pobrezia suntsituko dela. Honako hau dio Morena koalizioaren mitin batera joandako batek: «Promesez nazkatuta gaude; ez dugu nahi apurrak baino emango ez dizkigun gobernu bat; eman diezagutela lana, lan egiteko aukera, etxera zer jan eramateko aukera». Mexikon, familia batzuek egunean 2 euro baino gutxiago dituzte bizitzeko, eta ez dute oinarrizko zerbitzurik bizi diren etxeetan. Haietako asko erabat baztertuta bizi dira, are herrialdeko hiri handietan ere.

«Herritarrek eskatzen dituzten gauza asko eta klase politikoarekin duten haserrea ustelkeria eskandaluen ondorio dira, areagotu egiten baitute pobrezia sentsazioa», adierazi du Martagloria Morales irakasleak; aditua da hauteskunde prozesuetan. Enrique Peña Nietoren ustelkeria eskandalu ugari azaleratu dira, eta horrek gizartearen hainbat sektore bultzatu ditu beren bizi kalitatea hobetzeko eskatzera; izan ere, ustelkeria iruditzen zaie arazo nagusia, islatu egiten baita haien egunerokoan zuzeneko eragina duten arazo ugaritan.

Txiroenentzat

Hori etekin propiorako baliatzen asmatu du Lopez Obradorrek, Juntos Haremos Historia koalizioko hautagaiak. Hirugarren aldiz aurkeztu da boz batzuetara presidente izateko esperantzaz. 2006an, Felipe Calderon kontserbadorearen aurka galdu zuen, %0,56ko alde polemiko batez, eta, 2012an, zalantzaezina izan zen Peña Nietoren garaipena; alabaina, Lopez Obradorrek orain aldeko ditu bozak, eta alde handiz, gainera, inkestek diotenez.

Morena alderdi berria da, PRDren zatiketa batetik sortua; ezkerreko alderdi historiko hori Cuauhtemoc Cardenasek fundatu zuen 1989an. Bada, hainbatetan polemikoa izan da Lopez Obradorren figura. Haren diskurtsoa sektorerik txiroenentzat egina dago argi eta garbi, eta ezinegona piztu die klase ertaineko hainbati, bai eta organismo patronalei eta bankariei ere. Halere, izan duen oihartzunak erakusten du hautesleek alternatiba aurkitu nahi diotela 2000. urteko erregimenari.

Azken hilabeteotan, badirudi Lopez Obrador, norgehiagokan baino gehiago, bere lehentasunak berresten aritu dela, eta Anaya eta Meade, berriz, bigarren posturako lehian. Azken asteotako neurketa guztietan argi dago %40koa dela Lopez Obradorren aldeko boto asmoa. Ez zen halakorik gertatu 2000. urtetik; orduan, Foxen aldekoak ziren seinale guztiak, eta bera izan zen presidente. Hala ere, bestelakoa da oraingo koiuntura: oholtza gainean ditugu populazio txirotua, maquilak nagusi diren zoru produktiboa, Donald Trump AEBetako presidentearekiko eztabaida, eta indarkeria, narkotrafikoaren aurkako gerra huts eginaren ondorio.

Colegio de Mexico-ko ikertzaile Soledad Loaeza irakasleak duela gutxiko argitalpen batean adierazi du Lopez Obradorren arrakasta Mexikoko herritarren amorruaren ondorio dela, eta amorru hori askoz indartsuagoa dela «ezker muturreko» gobernu posible batek ematen dien ikara baino. Agerikoa da herritarren sumina, eta oso era desberdinetan adierazten da: eguneroko elkarrizketetan, albistegiek aurkezturiko inkestetan, sare sozialetan... Gune orotan da nabarmena ez daudela pozik. Hori beretzen asmatu du Lopez Obradorrek, zenbait aliantza egin baititu: sektore ebanjelikoekin, akademiako kideekin, hainbat ideologia eta alderditako politikariekin... Eta haren lanak arrakasta izan du, bozen irabazletzat jotzen baitute denek.

Bestalde, aurkariak ezkerreko hautagaiaren ospea ahuldu nahian ari dira. Anayak, PANeko hautagai kontserbadoreak, bizkar gainean darama Calderon alderdikide eta 2006an presidente izandakoak hasitako narkotrafikoaren aurkako gerra. Ez du lortu interesik piztea PANari boza eman ohi dioten klase ertain dirudunen artean. Anayak kritika latzak jaso ditu bidegabeki aberasteagatik lehertutako eskandaluak zirela eta; Lopez Obradorren presidentetzaren inguruan beldurra piztea izan da haren kanpainaren oinarria.

Meade, 'instituzionalena'

Beharbada PRIko Meadek ezagutzen du ondoena gobernuaren administrazioa. Mexikoko burokraziaren goi mailan ikasia da, eta birritan izan du Ogasun Idazkaritzaren ardura, denbora labur batez Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarena eta, Peña Nietoren aroaren hasieran, Garapen Sozialerako sailarena. Erregimena erraietatik ezagutzen du, eta igartzen zaio baduela Mexikoko Gobernuaren eguneroko egoeraren berri. Haren jatorrizko bekatua gobernuan den alderdiaren hautagaia izatea da; horrek asko ahuldu du haren izena kanpaina osoan, non birritan aldatu dituen koordinatzailea eta aholkulari taldea.

Indarkeria da mexikarren kezka nagusietako bat. 2006tik, bortxaren datuak oso kezkagarriak dira. INEGI Estatistikako eta Geografiako Institutu Nazionalaren arabera, 2006ko abendutik 2017ko abendura 234.996 hilketa erregistratu ziren. Kopuru ikaragarria. Guanajuaton, Veracruzen, Jaliscon eta Tamaulipasen gertatzen da exekuzio gehien.

Beste inongo hauteskundetan ez bezalako presentzia izan du indarkeriak, eta oso toki garrantzitsua hartzen ari da, batik bat gaizkileria antolatu gehien duten entitateetan. Aurten, 110 hautagai hil dituzte, eta gutxi gorabehera 400 mehatxatu edo hauteskundeak uztera behartu; boz batzuetan egundo ikusi gabea zen hori. Hala ere, Alfonso Navarrete Prida Gobernazio idazkariak dio ez dagoela «argi gorririk», eta hauteskunde eguna «demokraziaren jaia» izango dela.

Herrialdea baketzeko agenda hautagaien hauteskunde plataformaren parte da; hitz egin dute horri buruz, baina oso zabaldua dago azaletik landu delako irudipena, inork ez baitu konpromiso zehatzik hartu narkotrafikoaren aurkako borroka iraultzeko, gaur egun egiten denetik harago.

Adibidez, marihuana legeztatzeari buruz galdetutakoan, Lopez Obradorrek ez du konpromisorik hartu, eta herri kontsulta batean galdetzea proposatzen du; beste hainbat politikatan ere hartu nahi ditu era horretako erabaki kolektibizatuak. Meadek eta Anayak agindu dute zenbait ikerketa egingo dituztela jakiteko ea bideragarria den ala ez kalamuaren kontsumoa legeztatzea; dena den, biek diote kalamua legeztatzeak ez duela konponduko drogaren aurkako gerra dela-eta herrialdeak pairatzen duen indarkeria.

Bozen aurreikuspenak

Hauteskunde Institutu Federalaren arabera, hautesleen %63,14k eman zuten botoa 2012ko presidentetzarako bozetan. Aurreko hauteskundeetan ere parte hartzea antzekoa izan zen: beti hautesle erroldatuen %55etik gorakoa. Alde horretatik, hauteskunde agintarien arabera, parte hartze handia espero da uztailaren 1ean; are, indarkeria handia izaten duten guneetan ere hauteslekuak beteko direla espero dute. Emaitzei dagokienez, zalantza dago zer gertatuko ote den baldin eta Lopez Obradorrek irabazten badu. Datozen hilabeteetako agenda politikoan, nagusiki, honako hauek daude: berriz negoziatzea NAFTA (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna) eta AEBetako migrazio politika. Morales Garza irakasleak dioenez, ez da «funtsezko eraldaketa handirik» espero eredu ekonomikoan; hori iradokitzen du behintzat Juntos Haremos Historia koalizioko buruak. Ustelkeria deuseztatzeko eta gastu soziala berregituratzeko konpromisoa hartu du; baliteke hori izatea funtsezko eraldaketa bat.

Hauteskunde kanpaina gehienetan bezala, herritarrek «zerbait» alda daitekeen itxaropenari eusten diote, aldaketaren esperantza oro boto batean jartzeko irrikaz. Duela urte askotatik espero da aldaketa hori: demokraziak arazo guztiak konponduko zituelako ametsa.

«Ustelkeria maila asko-asko jaistea litzateke historia egitea»

Aldaketa ala segida

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.