Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduk proposatu du ez egiteko akordiorik eskuineko alderdiekin

Matutek esan du ez dutela negoziatuko PP, C's eta Voxekin, eta berdin egiteko eskatu die gainerakoei. «Herri gisa» aritzera deitu du Iriartek

Bea Ilardia, Jone Goirizelaia eta Oskar Matute, atzo, Miribillan (Bilbo). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Oskar Matutek, EH Bilduk Espainiako Kongresurako duen Bizkaiko zerrendaburuak, eskaera bat egin die gainerako alderdiei, Getxon (Bizkaia) egindako ekitaldi batean: konpromiso «argi eta sendoa» adieraz dezatela, Espainiako eskuineko hiru alderdiekin —PP, C's eta Vox— inolako akordiorik ez egiteko. «Horiek boterea eskuratuz gero, gure eskubide nazional, ekonomiko eta sozialak bertan behera utziko dituzte, eta atzera egingo dugu, herri eta gizarte gisa», esan du.

Matutek esan du EH Bilduk hartua duela konpromiso hori: «Guk ez dugu Espainiako eskuinekin ezer negoziatuko», esan du, eta erantsi du «gure herriaren alde lanean ari direla dioten euskal alderdi guztiek» berdin egin beharko luketela.

EH Bilduren ustez, apirilaren 28ko hauteskundeetan «herri gisa dugun etorkizuna» dago jokoan. «Eskuinak [Espainiako] gobernura iritsiz gero, euskal herritar guztien bizi baldintzek okerrera egingo dute», adierazi du Matutek.

EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte, berriz, Espainiarekin dagoen harremana aldatzearen alde agertu da. Haren ustez, euskal erakundeen esku gelditu behar zuen transferentzien aferak erakusten du harreman hori «menpekotasunean oinarrituta» dagoela.

«Amaitu da Madrilera sigla batzuen interesak defendatzera joateko aroa», nabarmendu du Iriartek. «Madrilera herri gisa joan behar dugu, herri honen interesak defendatzera, eta hori egingo du EH Bilduk Kongresuan eta Senatuan».

«Ziurtasuna bermatu»

Goizean, Bilboko Miribilla auzoan egon da Matute, eta han esan du EH Bilduk «ziurtasuna bermatu» nahi diela euskal herritarrei ziurgabetasuna nagusi den abagune politiko honetan: «Gaur egun, eta lehen ez bezala, herritarrek ez dakite bizitza osorako lanik izango ote duten, hipoteka ordaintzeko gai izango ote diren, pentsio duin baterako helduko ote zaien, eta abar», esan du Matutek, eta, horri aurre egiteko, instituzio publikoen babesa bermatzea proposatu du.

Matuteren iritziz, «gizarte batek oso zail du aurrera egitea bihar nola egongo den jakin gabe». Horregatik uste du garrantzitsua dela «ziurtasuna bermatzea», are gehiago kontuan hartuta «eskuinak eta Espainiako Estatuko alderdi nagusiak» ez direla gauza «proposamen serioak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.