Albistea entzun

IRITZIA

Hitzek behar dute ekintza

Lander Muñagorri Garmendia - Ahize-AEK-ko hizkuntza aholkularia

2022ko azaroak 22

Ez da nobedade esatea euskararen transmisioan eta belaunaldi berrien euskalduntzean ikastetxeek aparteko garrantzia hartu dutela, gero eta etxe gutxiagotan baita euskara lehen hizkuntza. Datuek hori erakusten dute: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 urtetik beherako hamar gaztetik bederatzik euskara ulertzen dute, eta ia zortzi hitz egiteko gai dira. Bestelakoa da egoera Nafarroan eta Iparraldean, ez baitute euskararik ulertzen gazteen bi herenek eta hiru laurdenek, hurrenez hurren. Desberdintasunak desberdintasun, Euskal Herriko gazteen erdiak baino gehiago dira gai euskaraz hitz egiteko, eta hori ere bada hezkuntzak egindako ekarpenaren emaitza.

Bestelakoa da gaitasunaren nolakotasuna, eta horrek berarekin dakarren erabileraren apaltzea. Hizkuntzaren berreskurapenerako oinarri teorikoa ezartzen ari diren aditu zein ikerlariek behin eta berriz errepikatu baitute ideia bera: hizkuntza nekez erabiliko dela gaitasun egokirik gabe, eta erabilerarik gabe nekez lortuko dela gaitasunik. Sorgin gurpil horretan bueltaka gabiltza.

Bestalde, ikasleek gero eta maizago (eta goizago) egiten diete erdaraz irakasleei, eta eskolatik gaitasun kaskarragoarekin irteten dira; eremu formalean egoera hori izanik, pentsatzekoa da lagunartean askok ez dutela euskara lehenetsiko. Hala gertatzen ari da euskararen arnasguneetan, eta are nabarmenago euskara sozialki erdigunean ez dagoen herri zein hirietan. Horregatik dago horren kezkatua hezkuntza komunitatea hizkuntzaren geroarekin, eta guraso askoren arteko elkarrizketei ezintasun kutsua darie.

Ikastetxeen alde bakarrik egitearekin ez dela aski erakusten dute emaitzek, hortaz. Euskal Herri luze-zabalean euskararik gabe eroso bizi gaitezkeen bitartean, egoera horri kostata egingo baitio aurre irakasle batek. Euskara aholkulari batek. Guraso batek. Estrategikoak eta komunitarioak diren neurririk gabe ez dutelako haur, gazte zein helduek euskara erabiltzeko beharra eta nahia sentituko.

Eta badira egoera hori iraultzeko moduak, aski neurri ezagunak. Esaterako, euskarari zentraltasuna emango dieten hedabideen apustu irmo bat behar dugu. Ikus-entzunezkoen bikoizketak bikoiztu. Aisialdiko eskaintza euskaraz jasotzeak ez luke guraso militante eta kontzientziatuaren hautua (eta ahalegina) izan beharko. Euskarak lan mundura salto egiteko ere balio duela esan behar diegu gazteenei, eta euskara planak enpresetan eskatzeaz gain, Lanbide Heziketan ere euskarazko eskaintza biderkatu beharko lukete erakundeek. Ikastetxeetan bertan euskarak eta euskal kulturak curriculumaren ardatz izan behar du, motibazioa landuz eta erreferenteak sustatuz. Murgiltze ereduaren alde egin beharra dago, are gehiago Hezkuntza Legea bidean den honetan.

Adibide batzuk besterik ez dira. Horregatik, hitzez ekiteko garaia dela entzuten ari garen egun hauetan, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea ere badela esateko garaia ere bada. Ekintza behar du hitzak, eta horrek esan nahi du bestelako hizkuntza politikak behar direla, gazteen euskalduntzea ikastetxeen bizkar utziko ez duena. Handira jokatzeko garaia da, ez txikira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. ©ARGAZKILARIA

Ertzaintzak urtarriletik zekien bikotekideak urruntze agindua urratzen zuela

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Erkorekak esan du Ertzaintza maiatzaren 18tik ari zela biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen». Mugimendu feministak «neurri integralak» galdegin ditu
EHUren fakultate bat, artxiboko irudian ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Eusko Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro emango dizkie EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Agerraldian ez dute argitu unibertsitate bakoitzak zenbat jasoko duen.

Apirilaren amaieran Ankerkeriari Stop plataformak egindako mobilizazioa, Gasteizen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Anakronismoa eta krudelkeria» salatzeko, kalera irtetera deitu dute

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ankerkeriari Stop plataformak «agerraldi masibo bat» egingo du igandean Amurrion, Barbadori eta Zelaiari elkartasuna erakusteko
Suhiltzaile batzuk, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oposizioak euskaraz egiteko aukerarik ez die eskaini Arkautik suhiltzaileei

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Arartekoak ebatzi du oposizioetako partaideen hizkuntza eskubideak «urratu» zituztela, eta ELA sindikatuak auzi eske bat jarri du epaitegietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.