Vicent Partal.
Enbaxada bila

Orain, «haiek» ez dute bozkatuko

2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Oraingoan, desberdina izango da, haiek ez baitute bozkatuko azkenean». Esaldi hori duela hainbat hilabete entzun nion Masi. Madril ere esaten dugun horren eufemismoa da «haiek» hori. Orduan, ez nuen aditu zenbateraino ekarriko zuen adierazpen hark aldaketa errotiko bat Kataluniako politikara. Egun, begien bistakoa da.

Lehenik, Ibarretxe Plana deiturikoak, eta, gero, Pasqual Maragallek bultzaturiko estatutuak, biek ala biek topo egin zuten «haiek» harekin. Gure herrialdeetan adostasun zabalak sor ditzakegu, proposamen berritzaileak eta ilusio piztaileak dakartzaten eztabaidak eragin eta gaur egungo konponbiderako hainbat alternatiba proposatu. Baina «haiek» bozkatzen zuten azkenean, eta haiek erabakitzen. Eta hori amaitu da.

Desberdintasun handi horixe sartu du Kataluniako Parlamentuak aste honetan onarturiko Subiranotasun Adierazpen historikoak. Oraingoan, ez dute «haiek» bozkatuko, inondik inora ere. Inork ez die baimenik eskatu, eta ez eskatuko ere ezertarako. Kataluniak subjektu juridiko eta politiko subiranotzat aitortu du bere burua, eta berdin dio «haiek» zer esaten duten. Eta erreferendumera deituko dugu, «haiek» esanak esan. Eta bozkatu egingo dugu, «haiei» gustatu edo ez. Hori iraultza bat da.

Argazki hori, adierazpenaren arrakasta dela-eta elkar zoriontzen ageri dituena Mas presidentea eta ERCko eta ICVko buruzagi Junqueras eta Herrera, ezin pentsatuzko irudi bat zen duela hilabete gutxi batzuk. Haiexek baino ez dakite zenbat kostatu den honaino iristea. Herriak hasi zuen iraultza, Arenys de Munt-en, kontsultak zirela bide, irailaren 11n... Baina haiek jakin dute Parlamenturaino eramaten eta errealitate politiko eta juridiko bihurtzen.

Errealitate horrek, gainera, erabat hautsi du PSC. Eta hori albiste izugarria da. Navarroren espainolismoaren kontra matxinatu den PSC horixe baita puzzlea osatzeko falta zen pieza. Eta hortxe daukagu, gertu eta prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.