Ezkaba mendian piztutako sute batek kalte handiak eragin ditu Iruñerrian

Iruñeko iparraldeko saihesbidea eta Ezkabako tunelak itxi dituzte. Espainiako eta Nafarroako gobernuetako zerbitzuak ari dira lanean

Ezkaba mendiko sutea, atzo. JESUS DIGES / EFE.
inaut matauko rada
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iruñerriko Ezkaba mendiak su hartu zuen atzo arratsaldean, eta garrak azkar batean hasi ziren mendiaren ekialdeko pinudi batera zabaltzen, haizeak bultzatuta. Hasieran, Nafarroako suhiltzaileak ibili ziren itzaltzeko lanetan, baina, suaren hedapenaren abiadura ikusita, Nafarroako Gobernuak Madrili laguntza eskatu zion, Baso Suteek eragindako Larrialdien Babes Zibilerako Planaren bigarren maila aktibatuz. Hala, bi gobernuetako lau hegazkin eta sei helikoptero hasi ziren itzaltze lanetan. Zehazki, koordinazio hegazkinaz gain, Noaingo parkeko bat eta Agoncilloko bi mugitu zituzten; helikopteroak, berriz, Nafarroako Gobernuaren bi, eta Baso Suteen Errefortzurako Brigadetako lau. Hala ere, gaua iritsi zenean, lurreko baliabideekin geratu ziren soilik, 50 langile inguru, eta helikopteroak eta hegazkinak baseetara itzuli ziren.

Suak laborantza etxe bat kiskali zuen, eta Iruñeko iparraldeko saihesbidea, PA-30a, ere itxi behar izan zuten, Atarrabia eta Berriozar artean, bi noranzkoetan. Bestalde, N-121-A errepideko Ezkabako tunelak ere itxi zituzten. Mozketa horien ondorioz, buxadurak egon ziren Iruñeko errepideetan. Denbora gutxiz izan bazen ere, Antsoainen eta Txantrean argindar mozketak egon ziren, suak kable elektrikoei eragin baitzien. Telefono zerbitzuan ere egon ziren arazoak. Larrialdi zerbitzuek Iruñeko garraio publikoko garajeak autobusez hustu behar izan zituzten, eta bertako langile guztiak ere atera zituzten.

Nafarroako Gobernuaren Babes Zibilak sutearen inguruko eraikinetako ateak eta leihoak ixteko gomendatu zien herritarrei, baita sutearen inguruetara ez gerturatzeko ere.

Zallan (Bizkaia) ere sute bat piztu zen atzo arratsaldean, eta BI-3651 errepidea itxi behar izan zuten. Ez da kalte pertsonalik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.