Landa eremuaren alde mobilizatzera deitu dute, azpiegiturarik ez egiteko

«Natur ingurunea eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Horiek hondatzen baditugu, atzera bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalek, landa eremuko ekosistemek, eta baita ekosistema sozialek ere». Argi mintzatu ziren atzo Euskal Herria Bizirik plataformako kideak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin zuten agerraldian. Hilaren 20an manifestazioa eginen dute, Gasteizen, eta herritarrei parte hartzeko eskatu diete, landa eremuan egin nahi dituzten azpiegituren kontrako jarrera dutela erakusteko.
Adierazi zutenez, gisa guztietako proiektuak kokatu dituzte jada Euskal Herriko mapan: trenbide azpiegiturak, zentral eolikoak, animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak... «Proiektu horiek herri eremuak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, eta gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemak desagertzea dakarte», erran zuten. Horien helburua landa eremua «desagerraraztea» dela adierazi zuten, eta proiektuak bultzatzen dituzten enpresa handiak direla onurak izanen dituzten bakarrak. «Euskal Herriko mendiak, naturaguneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko guneak», biribildu zuten.
Administrazioaren rola
Haien erranetan, administrazioak lagundu egiten ditu enpresa horien interesak, «legeria korporazio handi horien interesetara egokituz, eta baliabide publikoak eta herri lurrak jarriz haien esku». Gehitu zuten udalei nahiz kontzejuei ez dietela uzten haien lurraldeetan erabakiak hartzen, eta, beraz, haien «subiranotasuna urratzen» dutela.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.