Qatarko Munduko Kopa. E multzoa

Japonia. Fantasia egia bihurtzera

Japonia urratsak egiten ari da, poliki-poliki. Final-zortzirenetan hiru aldiz izan da. Qatarren, ordea, multzo gogorra egokitu zaio.

Japoniako jokalariak, Alemaniaren aurkako gaurko partida prestatzen. JIJI / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ez dira, akaso, marrazki bizidunetan bezain onak, baina japoniarrek ez dute huts egin Munduko Kopa batean 1998az geroztik. Qatarren, seigarren aldia izango dute jarraian. Ez da kasualitatea, 1990eko hamarkadaren hasieran abiatu zen plan baten ondorioa baizik. Hango futbola hauspotzeko asmoz, Japoniako Federazioak liga profesionala sortu zuen 1992an, eta helburu bat jarri, oso luzera begira: ehun urteren buruan munduko txapeldun izatea. Xede hori amets lauso bat baino ez da oraindik. Utopia bat kasik. Hazia pixkanaka ernatzen ari da, ordea: 2002an final-zortzirenetara iritsi zen Hego Korearekin batera antolatu zuen Munduko Kopan, eta Hegoafrikan eta Errusian ere gauza izan zen hori lortzeko.

Final-laurdenetara iristea da japoniarren hurrengo erronka. Qatarren egingo ote dute? Bada, «oso zail» ikusten du Miguel Angel Lotinak (Meñaka, Bizkaia, 1957). Azken sei urteetan, Japoniako ligako taldeak zuzentzen aritu da, eta hango selekzioari «oso multzo zaila» egokitu zaiola uste du. «Alemaniak eta Espainiak aurrera egitea izango litzateke normalena». Alta, uste du «lehiakor» ariko dela Hajime Moriyasuk zuzentzen duen taldea. «Costa Ricari irabazi egingo dio, eta faboritoei lanak emango dizkie ez badute onena ematen». Lotinak zuzenean ikusi ditu japoniarrek aurten jokaturiko zenbait partida, eta «sasoiko» daudela dio. «Brasil estu hartu zuten, Ghanari aise irabazi zioten, eta Amerika eta Asiako taldeen aurka ere indartsu ibili dira».

Japoniako futbolaren garapena islatzen du selekzioaren ibiliak. Liga ere asko handitu da. Atzerritik izen handiko beteranoak fitxatzea izan da estrategia nagusietako bat. Hastapenetan, Zico eta Gary Lineker erakarri zituzten, eta, geroago, Michael Laudrup eta Hristo Stoitxkov. Gaur egun, Andres Iniestak dihardu han. Lotinaren ustez, dena den, «hango jokalariek duten mailarengatik» da Japoniakoa Asiako ligarik «onenetakoa». «Kirolari petoak dira, eta oso perfekzionistak. Harrituta geratu nintzen behin haurren entrenamendu bat ikusten: umeak teniseko pilota batekin eduki zituzten ordubetez, abilezia ariketak egiten. Hala hasten omen zuten entrenamendua. Ez da harritzekoa heldutan kalitate itzela izatea».

Japoniarrek berezkoa dute diziplina: «Behargin petoak dira. Saioa hasi baino bi ordu lehenago, jada zazpi edo zortzi jokalari egoten ziren aldagelan. Eta, bukatu ostean, 25 jokalarietatik hemezortzi beste ordubete entrenatzen geratzen ziren. Zelaira atera, eta aldagelan sartzeko esan behar diezu ia». Halere, gauza bat falta omen zaie are hobeak izateko: «Lehiatzeko grina». «Errespetuz jokatzeko hezi dituzte, eta horrek mugatu egiten ditu batzuetan. Ez dira lehiakorrak: sei sasoi eman ditut han, eta entrenamendu batean ere ez da lesiorik izan kolpe batengatik».

Aurrean bizi, atzean bigun

Moriyasuk deitu dituen 26 jokalarietatik hemeretzi Europan ari dira jokatzen. Eta horietatik bederatzik Alemanian dihardute. Aspalditik dator lotura hori, eta Lotinak uste du «izateko moduarekin» duela zerikusia. «Alemaniarrak ere diziplina handikoak dira. Kultura aldetik, errazagoa da japoniarrentzat Alemaniara joatea». Han dihardu taldeko izarretako batek, Daichi Kamadak. Sasoi hasiera aparta izan du Eintracht Frankfurten. Hiroki Ito eta Wataru Endo ere ondo ari dira Stuttgarten.

Alabaina, Takehiro Tomiyasu da, Lotinaren aburuz, taldeko erreferentea. «Bigarren Mailan zebilen Japoniara iritsi nintzenean. Fitxatu egin nahi genuen, baina ez genuen diru nahikorik. Bartzelonari gomendatu nion. Azkenean, Arsenalera iritsi da. Oso atzelari ona da». Haatik, Lotinak uste du atzekoa dela Japoniaren lerrorik ahulena. «Oker asko egiten dituzte atzean sartuta defendatu behar dutenean». Joko «modernoa» egiten dutela azaldu du: presioa goian egin eta baloiarekin bizi jokatu. Erasoan, jokalari aipagarriak dituzte. «Kamada elitean finkatuta dago, Minamino beherantz doa, eta Mitoma eta Kubo gorantz». Realekoa ondo ariko dela uste du. «Fin dabil. Realean baino atzerago ari da jokatzen, Silva edo Merinoren postuan, nolabait. Estimu handia diote Japonian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.