Mikel Zumeta.
Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Miserere Nobis

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'The Other Lamb'



Zuzendaria: Malgorzata Szumowska. Aktoreak: Raffey Cassidy, Michiel Huisman, Denise Gough. Herrialdea: Irlanda - Belgika - Polonia - AEB. Iraupena: 96 minutu.

Ene bildots koitadua, ene, etor zaitez artaldera, elkarrekin jarrai diezaiogun tradizioari.

Interesgarria zuzendariak proposatzen digun hausnarketa, patriarkatuan, erlijioan eta tradizioaren birsortzean arakatu nahi duena.

Zintak beldurrezko generoaren tonua eta kodeak erabiltzen ditu, irudi interesgarriz eta argazki landuaz baliatuz. Asmoa nabari zaio zuzendariari, norabidea eta hausnarketarako gogoa ere bai; filmak, ordea, ez du proposamena behar bezala gauzatzeko bidea aurkitzen.

Emakumez osatutako sekta batean kokatuko gaitu zuzendariak. Emakumeek bi talde osatuko dituzte, emazteak eta alabak, eta, nola ez, taldearen buru, gizona, artzaina, profeta, iragarlea, guztiz ahalduna, hornitzailea.

Emakumeak liluraturik bizi dira profeta iruzurtiaren gezurrekin sinistuta; haren jarraitzaile sutsuak dira, eta, mendian galdurik, erritu, arau eta preso mantentzen dituen loturak birsortze horretan tematuta biziko dira.

Filmak faktura ederra erakusten du; argazki eta irudi landuak ditu, eta irudi bortitzak agertzen dizkigu, istorioarekin guztizbat datozenak eta metafora moduan ere eraginkorrak izan daitezkeenak.

Tamalez, osagai guztiak izanda ere, pelikulak ez du kontatu nahi duena kontatzeko bidearekin asmatzen. Hasiera klimatiko interesgarriarekin ongi egiten du, baina, filmak aurrera egin ahala, azalpenak emateko eta iruditeria txundigarriekin gu asaldatzeko nahi horretan, tramak eskuetatik ihes egingo dio.

Konturatzerako, zuzendariak filmaren amaierara bideratuko gaitu, modu azkar eta zakarrean, larrialdi irteera batetik gidatuko bagintuzte bezala. Pertsonaia haiek guztiek azalpen eta denbora nahikoa beharko ez balute bezala, haiek bizi izandakoa bat-batean axolagabea bilakatu izan balitz bezala.

Zuzendariari denbora agortu izan balitzaio bezala aurkituko gara: «barkatu eragozpenak, baina saioa amaitu da, mila esker zuen arretagatik» esango baligu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.