Jaurlaritzak adierazi du ez direla «pribatizatu» osasun artak

Erredakzioa
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Osakidetzaren funtzionamenduren inguruan egunotan zabaldu diren berrien harira, Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak atzo esan zuen administrazioak ez duela erabaki osasun zerbitzuak «pribatizatzea», eta, areago, horretarako asmorik ere ez dutela. Onartu zuen Osakidetzan egoera «berezia» dela, «prozesu asko» irekita daudelako, baina argudiatu zuen hortik haragoko adierazpenak ez direla ontzat jo behar. Lehentasunetako bat lehen mailako arta dela esan zuen, eta hor dauden erronkei aurre egiteko plan bat ontzen ari dela Osasun Saila.

Asteon Iñigo Urkulluk esandakoak berritu zituen gainerakoan. Etorkizunean osasun sistema publikoak izango duen hezurdura zehazte aldera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera osoari begiratu behar zaiola esan zuen: «Ikusteko zer eskaini behar den, non eskaini behar den, nola eskaini behar den, eta zer inbertsio egin behar diren horretarako». Hartutako zenbait erabakiren inguruan «autokritika» egin beharko dela ere esan zuen, baina, oro har, administrazioa osasun sistema publiko indartsu bat izateko egiten ari den lana txalotu behar dela pentsatzen du Zupiriak. Osasunean inbertsioa handitzen ari dela esan zuen, lantaldeak ere gero eta handiagoak direla, eta bide berean jarraitu nahi dela.

Sindikatuen absentzia

Atzo bilera egitekoa zen berriz Osakidetzako mahai sektoriala, eta tamala erakutsi zuten erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sindikatuek erabaki zutelako, berriro ere, bilerara ezagertzea. «Blokeo» egoera horrekin langileentzat mesedegarriak izan daitezkeen urratsak ezin direla egin adierazi zuten.

Garbiketa lanetarako Osakidetzak kontratatuta dituen enpresetako langileek, bestalde, greba eguna izan zuten atzo. Hilaren 17ra arte greban jarraitzeko asmoa dute, lan baldintza «duinen» eskean. Gogora ekarri zuten lau urte daramatzatela lau ituna hitzartzeko prozesuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.