Oroimenak eskatu duena

Mugimendu antifrankistan, abortatzeko eskubidearen alde, LGTBI komunitatearen eskubideen alde... aktibista nekaezina izan da Empar Pineda Erdozia. Kattalin Miner idazleak jaso du haren biografia.

Hernaniko udal ordezkariak, Berdintasun Kontseiluko kideak, Kattalin Miner idazlea eta pinedatarrak. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Maider Galardi
Hernani
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun

«Txikiak ginenean, leku hau andrez beteta egoten zen; batzuetan kabitu ere ez ziren egiten». Carmen Pineda Erdozia ari da hizketan, Hernaniko (Gipuzkoa) Leoka latsarriaz. Bertan elkartu dira haren ahizpa Empar Pineda Erdozia aktibista feministaren (Hernani, 1941) biografia aurkezteko. Ixiar Pagoaga Berdintasun Kontseiluko kideak azaldu du zergatik hautatu duten leku hori: «Txoko honetara emakume asko etortzen ziren, pinedatarrak ere hemen parean bizi ziren, eta, bere bizitza istorioaz ari denean, asko aipatzen du toki hau...». Kattalin Minerrek ondu du Pinedaren bizi ibilbideari buruzko liburua—Enpar Pineda Erdozia. Gorputzak hala eskatuta—, eta bera ere batu da latsarriko juntadizora. Eta garai batean arropa garbitzeko elkartzen ziren andreak nola, argitaratu berri duten liburuaz solasean hasi dira han bildutakoak. Hitza hartzen aurrenekoa da Itxaso Lekuona Hernaniko Berdintasun zinegotzia.

 

«Sekulako lana egin du Enparrek, baina, duela bi urte gonbidatu genuenean, ohartu ginen gazte askok ez zutela ezagutzen, eta horregatik pentsatu genuen ezinbestekoa zela haren bizitza jasotzea». Hernaniko bi sortzailerengana jo dute lana osatzeko: Miner izan da idazlea, eta Maddi Zumalabek egin dizkio ilustrazioak liburuari.

Horregatik, «memoria» ariketa bat da liburua, Minerren arabera. Ez nolanahikoa, ordea: «Bere ahotsetik kontatu nahi izan dut, ez dut egin nahi izan ohiko biografia ariketa bat. Garrantzitsua da bizirik dauden pertsonekin ere halako memoria ariketak egitea, haien ahotsa jaso ahal izateko».

Duela bi urte jaso zuen enkargua, eta, Pineda Bartzelonan bizi denez, hara joan zen elkarrizketa egitera: «Etxeko ateak parez pare ireki zizkidan, eta orduak pasatu genituen hizketan. Solasaldi lasaia izan zen, eta berak nahi zuen bezala kontatu zizkidan bere istorioak eta borrokak». Elkarrizketa horren fruitua da liburua, bederatzi kapitulutan bilduta.

Izan ere, asko du kontatzeko Pinedak. «Gorputzetik» kontatu du hori, Minerrek azaldu duenez. «Gorputzak eskatuta» egin baitu borroka urteotan guztiotan: frankismoaren aurka, mugimendu komunistan eta feministan, lesbianen eskubideen alde, abortua legeztatzearen alde... Ibilbide luzea egin du, Hernanin hasi eta Madrilen jarraituta. Bartzelonan dago orain, «erretiroa» hartuta. Halere, borrokalari nekaezina da, eta Minerrek jaso du azken urteetan Pinedak zahartzeaz dituen gogoetak ere. Horren erakusle, Abenduak 26 fundazioa sortu zuen beste bi lagunekin, gayen, lesbianen eta transen zahartzearekin arduratuta.

Egindako lan eskergagatik aitortza ere jaso du. 2012an, esaterako, Zilarrezko Gehitu saria eman zioten, eta urte horretan bertan eman zioten Hernaniar Bikainaren saria ere; orain, haren bizi ibilbidea liburu batean jaso dute, Hernaniko Udalaren eta Berdintasun Kontseiluaren babesarekin. Pineda «eskertuta» dagoela adierazi du Carmen ahizpak —aktibista ez baita aurkezpenean izan—: «Beti oso pozik jartzen da Hernanitik zerbait jasotzen duenean». Haren oroimena liburu batean islatzea izan da Hernaniko Udalak egindako azken ekarpena. Baina urteotan berdintasun politiketan jorratutako bidearen beste ondorioetako bat da, hain justu, Pinedaren biografia.

Andreen memoria biltzeko

Izan ere, urteak dira Hernanin ikuspegi feministatik memoria ariketa bat egiten ari direla. Hala azaldu du Lekuonak: «Ari gara apurka-apurka herriko hainbat txoko berreskuratzen, memoria feminista osatzen, herriko andreei dagokien lekua egiten. Horren adibide, aurten eman diogu lehen aldiz andre izen bat udalaren pean dagoen herriko gune bati». Carmen Adarraga parkeaz ari da, baina badira aurrekariak ere. Andrekale berreskuratu baitzuten orain sei urte, herriko alde zaharrean.

Ez da egindako lan bakarra: ikerketa bekek eta Pinedarenaren moduko biografien argitalpenek ere herriko memoria hurbilean duten ekarpena nabarmendu dute Leokan elkartutakoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.