jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Estetika

2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Inork pentsa dezake, Eusko Legebiltzarreko taldeen gehiengoak uste badu frankismoko biktimentzako lege bat beharrezkoa dela eta aitortzen badu onartuko dutela, arazorik ez lukeela egon behar besterik gabe hori eztabaidatzen hasteko. Are eta gehiago, memoria historikoari dagokion kontu batean. Baina ez. Ez lehenengoan, ezta bigarrengoan ere. Ahal Dugu saiatu zen azaroan, eta EH Bildu orain. Baina bi horien proposamenak behar besteko babesik gabe iritsi dira parlamentura, eta atzera bota dituzte. EAJ eta PSE izango dira gai horretan ekimena hartzen hurrenak, jeltzaleen kasuan hiru hilabetetan bi aldiz kontra bozkatu ostean.

Azaroko bozketaren ostean, Joseba Egibar EAJko kideak egun batzuetara esan zuen «besterik ez bada estetikagatik» EAJk alde bozkatu behar zuela orduko horretan. Jeltzaleek «autokritika» egin behar zutela esan zuen irrati tertulia batean, baina autokritika saio hori hortxe geratu zen. Azaroan bezala, orain, ez etikagatik ez estetikagatik EAJk ez du aldeko botoa eman frankismoko biktimentzako lege bat eztabaidatzen hasteko. EAJk atzo, gainera, tonua igo zuen parlamentuan, eta Iñigo Iturrate bozeramaileak iragarri zuen kontrako botoa «lotsarik gabe» emango zutela. Zergatik lotsatu behar zuten, baina, hark berak argudiatu zuen bezain txarra baldin bazen EH Bilduren proiektua? Esplizituki eta inplizituki EAJko kideak aitortzen ari dira kontraesan batean ari direla. Estetikoa baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.