jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Hormak

2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da apaldu oraindik Maialen Lujanbiok, iaz, azaroaren lehenean, Irunen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan maistraki botatako bertsoen oihartzuna. Bertsoen oihartzunaz gain, baita gaia eta gaiarekiko ikuspegi jakin bat plazara, komunikabideetara eta gizartera zabaltzeko borondatea eta ausardia ere. Ez dira ahaztekoak Mikele Granderen kemena eta naturaltasuna, eta haren inguruko guztien babesa. Baita beste nerabe transexual askorena ere. Ezta Chrysallis elkarteak erakutsitako indarra eta lortutako erreferentzialtasuna, ikusgarritasuna eta zilegitasuna. Gero eta ezagunago, ikusgarriago eta gertukoago egin dituzte transexualen —batez ere transexual gazteen— arazoak, ezintasunak eta mugak gizarteak haien generoa onar dezan. Funtsean, gizarteak haiek diren moduan onar ditzan eta diren moduan bizi ahal izan daitezen.

Eta, halako batean, krakateko bat. Ekaik, transexual gazte batek, bere buruaz beste egin du, bizitzan aurrera egiteko beti horma baten kontra joka aritzeaz nekatuta. Besteak beste, hormona tratamendu baten zain.

Chrysallis elkarteko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan ziren otsailaren 7an, eskatzeko 2012ko legea, orduan urratzailea, aldatzeko eta gaurkotzeko. Transexualitatea ez patologizatzeko. Patologizatu beharrean, medikuak eta psikologoak gaiari buruz prestatzeko. Hormak eraiki baino gehiago, eraisten hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.