jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Kontserbazio legeak

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Energiaren kontserbazioaren legeak dio energia ez dela ez sortzen, ez desagertzen, eraldatzen baizik. Enrique Goñi CAN Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi ohiak lege horren bertsio bat baliatu zuen atzo Nafarroako finantza erakunde nagusiaren bilakaera azaltzeko: Nafarroako Kutxa ez da desagertu, «eraldatu baizik». Nafarroako Parlamentuan hitz egin zuen Goñik, aurrezki kutxaren kudeaketari buruzko ikerketa batzordean.

Eskerrak eman behar zaizkiola esatea bakarrik falta zitzaion: «Ez zuen kiebra jo. Ez da nafarren dirurik galdu; akzioetan inbertitu genuen nafarrok dirua irabazten ari gara, eta nafarrek gordailuak bermatuak baino gehiago dituzte; erabateko jarraitutasuna egon da». Goñik galdetu zuen ea «zehazki» zer okertu duen Nafarroako Kutxa aurrena Banca Civican integratzeak eta gero Caixabankek bereganatzeak.

Gutxi irudituko zaio, nonbait, Nafarroak bere finantza tresna historikoena eta garrantzitsuena galtzea, erakunde indartsuago batean urtzea eta erabakitzeko gaitasuna galtzea, besteak beste kutxari bere ondarearen zati handi bat galarazteagatik eta gehiegikeriaz betetako kudeaketa bat egiteagatik.

Lotsagabekeriaren eta arduragabekeriaren kontserbazioaren legeak esan lezake lotsagabekeria eta arduragabekeria ez direla ez sortzen, ez desagertzen, eraldatzen baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.