jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Grebek ez dute balio ezertarako

2017ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez, ez, grebek ez dute ezertarako balio, grebak beti egiten dira garai desegokietan eta grebek kalte egiten diete herritarrei. Euskal Herriko patronalen eta agintari politikoen betiko leloa, grebarik eta protestarik gabeko herrialdean bizitzea amets. Bada, grebek, batzuetan, ez dute balio bakarrik protesta egiteko, haserreak bideratzeko, arazoak azaleratzeko, langile guztiak ez direla otzanak erakusteko... Grebek, batzuetan, langileen eskaerak lortzeko eta lan baldintzak hobetzeko balio dute. Gipuzkoako errepideen mantentze lanetako langileena da azken adibidea. 315 eguneko grebaren ostean, akordioak sinatu dituzte ELAk eta aldi baterako hiru enpresa elkartek. Hain zuzen, greba honen berezitasunetako bat da aldi baterako hiru enpresa elkartetako langileek bat egin dutela, borroka bakarrean. Ia ehun langile dira, hamar hilabetean greban.

Azpikontratatutako lanak dira. Azpikontratatutako zerbitzu publikoak. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere bada langile horien lan baldintzen ardura. Erakundeak ezin dio uko egin adjudikatzen dituen lan eta zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzak zaintzeari. Jakina baita azpikontratazioen soka amaigabean enpresek zertan aurrezten duten dirua.

Akordioa osatzeko, Foru Aldundiak etorkizuneko adjudikazioetan jaso beharko lituzke hitzartutako baldintza berriak.

Langileek ikasi dute zerbait. Enpresek eta foru aldundiak ere badute zer ikasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.