mikel p ansa
HIZPIDEAK

Txikien ajeak

2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Aspaldiko galdera eta zalantza batzuei erantzuten lagundu dezakete Elkar Fundazioak eta Siadecok atzo aurkeztutako inkestak, zifra batzuk argitzeko behintzat: 1) Euskal prentsara jotzen duten euskaldunak 155.000 bide dira; baina 442.000 euskaldunek erdarazkoak soilik hartzen dituzte. 2) Euskarazko liburuen ohiko irakurleak 172.000 omen dira; baina 402.000 euskaldun erdarazko liburuen irakurle dira —574.000 pertsona «ohiko irakurle» izatea bera ere nahiko zifra harrigarria da, berez—. Antzerkiari buruzko galderak falta ditu inkestak, eta zinemari buruzkoak, baina Handia-k euskararen mugen eta ahalen berri eman du beste zifra batekin: 110.000 ikusle baino gehiago. Nahikoa dira zifra horiek merkatu baten kopuruei eusteko? Kultur industriak eta sortzaileek gogoetarako zifra batzuk badituzte hor. Baina zifretaz aparte, euskaraz irakurtzeko joerarik ez dutenek emandako erantzun hau nabarmentzen da inkestan: erraztasunik ez dutela edo ohitura falta zaiela euskaraz irakurtzeko. Gabeziak era askotakoak dira: alfabetatzean helduen artean dagoen hutsa, euskal sorkuntzak zabaltzeko eta jendearengana iristeko zailtasunak, orobat kultura promozionatzeko eta lantzeko politiken ezinak... Eta bada beste arazo bat, harago doana: euskaldunek berek ere sinisten ote duten euskarazko sorkuntzaren kalitatean. Arazoa psikologikoa ere badelako. Eta euskaldunek ikasi dutelako euskarazko produktuak beti eskasagoak eta txikiagoak direla. Bada zer desikasarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.