Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Etorkizuna zain

2016ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Irudi gogorra da zuriz eta beltzez jantzitako haurrak aurpegian kolore gorriko gas maskarak dituztela ikustea. Donostiako Kontxako hondartzaren sarreran atzo ateratako argazki horrekin —eta datorren igandeko mobilizazioarekin— lortu nahi dute ikusgarritasuna Gipuzkoako hainbat gurasok errauste plantaren kontrako euren jarrerarentzat. Performancearekin, «interes ekonomiko eta politikoen gainetik» adingabeen osasuna lehenets dezatela eskatu nahi diete agintariei. Finean, etorkizuna ez baldintzatzea eskatzen ari dira.

Gipuzkoa Zutik plataforma eredugarrikoek haurren batzarrean egin zuten bezala, pentsatzekoa da etorkizuneko protagonista diren gaur egungo haurrei azalduko zietela aferaren nondik norakoa eta galdetuko zietela protestari buruz. Hori bera, iritzia emateko aukera zabaltzea galdegingo dutela jakinarazi baitute GuraSOS elkarteko kideek. Herritarren parte hartzeari buruzko foru arau bati tiraka, erraustegiari buruz erabakitzeko prozesu bat abia dadin ahaleginduko baitira. Eta jardun politiko hori alderdien joko politikotik aterata egitea nahi dute.

Zaila da, ordea, bi hauteskundeen arteko kanpaina betean erraustegiaren gaia ez politizatzea. Eta ez preseski eztabaida sano baten barruan. Beraz, lehenik eta behin, politika egiteko egungo modu trakets eta kutsakorra da eraitsi beharrekoa. Etorkizunaren alde. Hark eskertuko digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.