jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Irazgaitz

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Oso larriak dira Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresariak atzo De Miguelauzian epailearen aurrean egin zituen salaketak eta aurkeztu zituen frogak. Ia hamar urte pasatu dira Arabako Aldundia eta EAJ zipriztintzen dituen ustelkeria kasu hau azaleratu zenetik, eta, lehenago ere horien berri izanagatik, asaldura baino ezin du eragin erakundeen funtzionamendu egokian sinesten duen edonorengan hain modu gordinean entzutea Alfredo de Miguel foru diputatu ohiak eta beste auzipetu batzuek komisioak «lasai eta arin» eskatzen zituztela kontratu publikoen truke. Alberdik atzo deskribatutakoa inpunitate osoa duela uste duen norbaiten jokabidea baita.

Azken urteetan ohikoak bihurtu dira Madrildik, Bartzelonatik eta Valentziatik iristen diren ustelkeria salaketak. Eta horrek, hein handi batean, irazkor egin du gizartea horrelako salaketen aurrean. Baita Euskal Herrian ere. Epaileek esango dute De Miguel auzian auzipetuak errudunak diren edo ez, baina inork ezin du pentsa Euskal Herriko erakundeak salbu daudenik ustelkeriatik eta ustelengandik. Eta ohikoak izan edo salbuespenak izan, sekula ezin da normaltzat hartu gizarte demokratiko batean kontratu publikoak komisioen truke ematea. Horregatik, hori salatzen denean are eta beharrezkoagoa da salaketa azpimarratzea, eta hori gizarte osoari dagokio. Ustelkeriaren aurka irazgaitz izatea da berme bakarra. Eta horrek denon zorroztasuna eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.