jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Zenbat?

2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Zenbat gehiagok hil beharko dute gerra hau amai dadin?». Marielle Francok herenegun bota zuen galdera hori sare sozialetan, gazte baten heriotzaren berri izan ostean. Ordu batzuk geroago bera izan zen «gehiago» horietako bat, eta hilketak gogora ekarri du gerra asko daudela munduan, isilean hiltzen dutenak, gerra deklaraziorik gabekoak, eta emakumeak jomugan direla horietako askotan, emakumeak direlako eta emakumeak direlako borrokatzen direlako.

Ekintzailea, feminista, sozialista, gaztea, iraultzailea... Modu askotara definitu daiteke Marielle Franco, eta horietako bakoitzean aurkitu daiteke bere hilketaren arrazoi bat. Baina guztien gainetik hiru ezaugarri nabarmentzen dira: emakumea, beltza eta faveletan hazitakoa. Izan ere, besteak hautu bat izan daitezkeen bitartean, hiru ezaugarri horiek jaio aurretik definitu zuten. Heriotzara arte.

Bat gehiago hil dute, baina Franco bat gehiago baino gehiago da. Faveletatik Rioko zinegotzi bozkatuen artean bosgarrena izatera pasatu zen. Rion Olinpiar Jokoak ospatu ziren urtean hautatu zuten, baina bera polizia indarkerian zen aditu. Bazekielako zer den hori. Eta larrutik ordaindu du. Duela gutxi salatu zuen Poliziak biolentoegi jokatzen duela faveletan, eta orain bera hil dute. Hilketa selektibo esan diote batzuek, baina modu soil batean esanda, exekutatu egin dute. Chico Mendes bezala. Zenbat gehiagok hil beharko dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.